Dortsalak www.pb-organisation.com webgunean hartu beharko dira 15:00etatik aitzinera. Denera 525 dortsal paratuko dituzte aukeran, eta lehenago agortzen ez badira, apirilaren 10ean bukatuko da izen emateko epea.
Izen-ematearen prezioa iazko bera izanen da: 33 euro korrikalari federatuentzat eta 35 eurokoa federatu gabeentzat. Bertzalde, izena emateko ez da beharrezkoa aldez aitzinetik pb-organisation.com webgunean erregistratzea.
Berako Mendi Maratoi Erdia Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuituan sartzen da. Zirkuituak 24 proba ditu, eta Berakoa baliagarria izanen da Nafarroako sailkapenerako, urteko zirkuituko lasterketa guztiak puntuatzen baitira.
Iaz bezala, aurten ere ez da edalontzirik egonen jan-edanak hartzeko tokietan eta norberak berea eraman beharko du.
Gazteentzako Gazte Trail proba
Aurreko edizioetan bezala aurten ere Gazte Trail proba antolatu dute 14 eta 17 urte bitarteko gazteei bideratuta. Gainera, lasterketa hau Nafarroako Kirol Jokoetan sartuko da.
Gazte Trail hirutan zatituta dago: haurren kategoria (2011-2012an jaioak), kadeteak (2009-2010ean jaioak) eta gazte-kategoria (2007-2008an jaioak), eta adinaren arabera, multzo bakoitzak distantzia bat osatu beharko du. Izen ematea www.pb-organisation.com webgunean egin beharko da bihartik aitzinera 7 euroren truke.
Haurrentzako lasterketak
Berako Mendi Maratoi Erdiaren bezperan, apirilak 12, haurrentzako lasterketak eginen dira Matzada futbol zelaian. Izen-ematea arratsaldeko 15.00etan irekiko da eta probak 16.00etatik aitzinera izanen dira. Lau adin tartetan banatuko dituzte parte hartzaileak:
- 6-7 urte (2019-2018an jaioak) 250 metro egin beharko dituzte lasterka.
- 8-9 urte (2017-2016an jaioak) 650 metro egin beharko dituzte lasterka.
- 10-11 urte (2015-2014an jaioak) 1.450 metro egin beharko dituzte lasterka.
- 12-13 urte (2013-2012 jaioak) 2.050 metro egin beharko dituzte lasterka.