Larunbatean, martxoaren 8an, Bortzirietako Emakumeen* Mendi Itzulia eginen dute Lesakan. 09:00etan elkartuko dira Plaza Zaharrean, eta 13:00etarako itzultzea aurreikusi dute. Ailegatzean salda banatuko diete parte hartzaileei eta lekuko aldaketa ere eginen dute. Aranztarrek hartuko dute lekukoa, heldu den urtean bertan eginen baitute itzulia. Ondotik, emakumeen* bazkaria izanen dute Otsangon.
18:00etan manifestazioa eginen dute Plaza Zaharretik hasita, eta bukatzean III. Mundu Gerra taldearen kontzertua izanen da. mugimendu feministak antolatu ditu bai manifestazioa eta baita kontzertua ere.
Erakusketa eta ikastaroa ere bai
Martxoaren 10etik 25era Defendatzaileak: eraldatzen duten emakumeak erakusketa egonen da ikusgai Lesakako liburutegian 15:00etatik 20:00etara. Eskubide zibilen, politikoen, sexu eta ugalketa eskubideen, ekonomikoen, kulturalen , lurra izatearen... defentsan aritzen diren emakume aktibisten ibilbidea biltzen du erakusketak.
Martxoaren 15ean, larunbata, haurrentzako Euskal emakumeen aztarnaren bila ginkana izanen dute. 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendurikoa izanen da, eta aitzinetik izen ematea egin behar da hemen. Ginkanaren bitartez, haurrak Euskal Herrian aztarna utzi duten emakumeen istorioak ezagutzera eta honen balioa ulertzera bultzatu nahi dituzte.
Martxoaren 23an, aldiz, Gorpuztu: musika, mugimendua eta espresioa ikastaroa eginen dute Beran Estitxu Mentaberriren eskutik. Bortzirietako emakume* guztiei irekitako jarduera irekia izanen da eta ez da aitzinetik izen eman beharko parte hartzeko. 11:00etan elkartuko dira Berako Kultur Etxean eta bi orduko luzera izanen du.