Martxoak 8

Bortzirietako Emakumeen* Mendi Itzulia martxoaren 8an eginen dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 26a, 20:00

Aurtengo Emakumeen* Itzulia Lesakan izanen da. Irudian parte hartzaileetako batzuk 2022ko itzulian Beran.

Agendan finkatutako eguna izaten da aunitzentzat martxoaren 8aren bueltan antolatzen duten Bortzirietako Emakumeen* Mendi Itzulia. Aurtengoa ere antolatu dute, eta  martxoaren 8an, larunbata izanen da Lesakan. Martxoaren 3an bukatuko da bazkarirako txartelak erosteko epea.

Mendi irteeraz gain, emakumeen* aldarrikapenerako eguna izatea nahi dute, eta horretarako Berdintasun Zerbitzuak mugimendu feministarekin elkarlanean egitarau zabala antolatu du.

09:00etan paratu dute hitzordua Lesakako Plaza Zaharrean mendi itzulia egiteko. 13:00etarako, berriz ere puntu berera itzuliko dira eta salda banatuko diete parte hartzaileei. Tenore berean, lekukoa pasatuko diote Arantzari heldu den urtean bertan eginen baitute itzulia.

14:00etan bazkaria izanen da Otxango ostatuan, eta 18:00etan manifestazioa eginen dute Plaza Zaharretik aterata eskualdeko mugimendu feministak deituta.

Bazkarirako txartelak 25 euroren truke paratu dituzte salgai honako puntuetan. Arantzan Pabloenea ostatuan, Bera Purienean eta Katakun, Etxalarren herriko okindegian, Igantzin Berdintasun Zerbitzuan eta Lesakan Telletxea estankoan. Martxoaren 3an, heldu den astelehenean, bukatuko da txartelak erosteko epea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun