Berako Udalak auzoz auzo batzarrak eginen ditu ortzegun honetan hasita

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 25a, 18:00

Herritarren kezkak biltzea du helburu Berako Udalak bileren bidez

Herritarren kezkak bildu nahi ditu Berako EH Bilduk eta horretarako auzotarrekin bilerak eginen dituzte zortzi ortzegunetan. Ortzegun honetan hasiko dira, eta apirilera arte ariko dira auzo auzo herritarren iritzia biltzen

Herritarrek herriko politikan duten parte hartzea bultzatzea du helburu Berako EH Bilduk. Horretarako eta herritarren eta  udalaren arteko harremana errazteko asmoz, auzo batzarrak egin ditu azken urteetan. Udal ordezkariak auzoetara joaten dira, auzotarren beharrak zein diren zuzenean jakiteko. Oraingoan ere eskaerak bildu eta agintaldi bukaera arte egin ahal direnak zehaztuko dituzte. 

Ortzegun honetan hasita, otsailaren 27a, hasita zortzi ortzegunetan 21 auzo eta karriketatik pasako dira udal ordezkariak. Apirilaren 24an izanen da azken bilera. Auzoz auzo honakoa izanen da bileren ordutegia: 

Otsailaren 27an, ortzegun honetan, Herriko Etxeko plazako eta Plaza Zaharreko bizilagunekin 18:30ean elkartuko dira Herriko Etxeko plazan. 19:15ean Legiako bizilagunekin elkartuko dira osasun etxean, eta 20:00etan Iturlandetakoekin auzoko plazan. 

Martxoaren 6an izanen da hurrengo batzarra. 18:30ean Eztegara frontoian paratu dute hitzordua Eztegara pasealekuko bizilagunekin. 19:15ean Kanttonberriko bizilagunen txanda izanen da eta San Jose egoitzako atean elkartuko dira. 20:00etan, berriz, Altzate eta Uraldea karrikako bizilagunak elkartuko dira, kasu horretan ikastola atarian. 

Hurrengo bilera sorta martxoaren 13an izanen da. 18:30ean Itzea auzoko bizilagunen txanda izanen da Itzea etxeko atarian, 19:15ean Illekueta auzoko bizilagunena Konpaneko zubian, eta 20:00etan Matzada auzoko bizilagunenan Matzada futbol zelaiko aldageletan. 

Martxoaren 20an eginen dituzte hurrengo hitzorduak. Bidasoa karrikako bizilagunak 18:30ean elkartuko dira Xubi Xabalen, Foruen plazako eta Iparkarrikako bizilagunak 19:15ean Ansonean eta Legarbidea eta Izpoz karriketako bizilagunak 20:00etan Burga plazan. 

Hurrengo ortzegunean, martxoaren 27an, Suspela auzoko bizilagunekin elkartuko dira Garatxeko bordan 18:30ean. Ordubete beranduago, 19:30ean, Suspel Ttikiko bizilagunekin izanen dute hitzordua auzoko ur deposituan.

Apirilean azken hitzorduak

Apirilaren 3an, Bortziriak karrikako auzotarrekin elkartuko dira 18:30ean. 19:15ean Ibaialde karrikakoen txanda izanen da, eta 20:00etan Agerrako bizilagunen, zelain gorrian. 

Apirilaren 10ean Zia baserri auzoko bizilagunak Anguleroan elkartuko dira, eta 19:30ean Kaulekoak Marietxenean.

Auzo batzarrak bukatzeko, apirilaren 24an, Zalain auzoko bizilagunak 18:30ean elkartuko dira eta Eltzaurdia auzokoak 19:30an Matin bordan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun