Ez zen bertzerik espero eta Beti Gazteko gizonezkoen sokatira taldea Euskal Herriko gizonezkoen 600 kiloko sokatira txapelketako finalean izanen da martxoaren 8an Pobesen (Araba), larunbat honetan Berangon (Bizkaia) jokatutako bigarren jardunaldian tiraldi guztiak irabazi zituen eta. Emakumeen 500 kiloko kategoriako lehen jardunaldian, berriz, hirugarren izan zen Beti Gazte, Ibarraren eta Txantrearen gibeletik.
Beti Gazteko gizonezkoen 600 kiloko taldeak tiraldi guztiak irabazi zituen larunbatean Berangon (Bizkaia) eta txapela janzteko faborito garbia dela nabarmen utzi zuen berriz ere. Gibeletik sailkatu ziren Ezpeletako Ñapurrak, Abadiño, Txantrea, Zuraide B, Berriozar, Ibarra eta Zuraide A. Bi jardunaldietako puntuak kontuan hartuz, berriz, martxoaren 8an Pobesen (Araba) jokatuko den finalean, Beti Gazte, Ñapurrak, Abadiño, Txantrea, Zuraide B eta Ibarra lehiatuko dira.
Emakumezkoen 500 kiloko lehen jardunaldian, berriz, hirugarren izan zen Beti Gazte, Ibarraren eta Txantrearen gibeletik. Abadiño laugarren izan zen, Badaiotz bosgarren eta Berriozar seigarren. Kategoria honetako bigarren jardunaldia ere martxoaren 8an jokatuko dute Pobesen.
Jardunaldi horren aitzinetik, ordea, martxoaren 1ean txapelketako mistoko lehen jardunaldia jokatuko dute Txantrean.