Euskal Herria eta Kataluniaren arteko senidetzea helburu duen Calçtxotx! 2025 jaialdia bikain ospatu zuten larunbatean Lesakan, herriko etxeak antolatuta. Katalunia aldetik 40 bat lagun etorri ziren Lesakara. Eguerdi partean txaranga ibili zen eta poteoa egin zuten. Larunbateko eguraldi bikaina aprobetxatuz, Plaza Zaharrean herri bazkarian bildu ziren 150 bat lagun, Katalunian ohikoak diren calçotak (tipula mota bat) eta Euskal Herriko txotxeko sagardoa izan ziren menuko oinarria. Bazkalondoan, bertso eta glosa saioa egin zuten eta eguna borobiltzeko, kontzertua izan zen Lesakako Hago Silik rock taldearekin eta Kataluniako Alt Empordàko The Rural Kids oi! taldearekin. Lesakan, Euskal Herrian, egindako elkarretaratzearen ondotik, itzulera irailaren 13an Katalunian egiteko asmoa dutela ere adierazi dute antolatzaileek, Peraladan edo ondoko herri batean.