Euskal Herriko sokatira txapelketan oraindik lau txapel banatzeko falta dira eta, astebeteko atsedenaldiaren ondotik, lehia horri ekinen diote otsailaren 22an, larunbatean 17:00etan hasita Berangon (Bizkaia). Alde batetik, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute, martxoaren 8an Pobesen (Araba) jokatuko den finalerako sei txartelen bila. Lehen jardunaldian, tiraldi bat galdu arren, lehenbizikoa izan zen Beti Gazte eta ez luke arazorik izan behar finalera sailkatzeko. Lesakarrekin batera, Ñapurrak, Abadiño, Txantrea, Zuraide A eta B, Ibarra eta Berriozar ariko dira. Bertzetik, emakumeek pisu arinean, 500 kilotan, lehen jardunaldia izanen dute. Hemen Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira, ligaxka moduan.
Martxoan banatuko dituzte azken lau txapelak
Berangoko saioaren ondotik, martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Txantrean. Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.
Martxoaren 8an, aipatu bezala, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.
Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute (Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira). Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran.