Euskara elkarrekin irudikatu lelopean, parte hartze prozesua hasi du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. III. Plan Estrategikoa bertako herritarrekin eta eragileekin osatzea du helburutzat parte hartze prozesuak.
Mankomunitateak aitzinetik egin dituen bi plan estrategikoak osatzeko ere bide berari jarraitu dio eta parte hartze prozesu arrakastatsuak egin ditu. Lehenbizikoan, 2013koan, ehundik goiti herritar eta eragileek parte hartu zuten plana osatzeko egindako saio eta dinamiketan. Bigarrenean, 2020an, pandemia betean izanik ere, 60 lagunetik goiti izan ziren saio eta galdetegien bidez parte hartu zutenak.
Aitzineko bi prozesuetan bezala, hirugarrenean ere, Elhuyar Aholkularitzaren laguntza izanen du mankomunitateak. Enpresa horretako ordezkariek eta mankomunitatekoek talde eragile bat osatu dute, eta hori izanen da prozesua dinamizatzeaz, gidatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko dena.
Parte hartzeko hainbat manera
Parte hartzeko hainbat manera izanen dira. Hasteko, mankomunitateak galdetegi bat zabalduko da, Bortzirietako herritar denei zabaldutakoa. Galdetegi horretan herritarrei eskatuko zaie euskararen egungo egoera hitz batean definitzeko, eta horrez gain, heldu den urteetan eskualdean euskara biziberritzeko erronka edo ildo nagusiak zein izan behar diren zehazteko. Galdetegia heldu den egunetan zabalduko dute eta martxoaren 7ra arte betetzen ahalko da.
Ondotik, Bortzirietako arduradun politiko eta teknikoen txanda izanen da. Martxoaren 14an, ortziralea, saio bat eginen dute horiekin euskararen egungo egoeraren gaineko diagnostikoa aztertzeko eta osatzeko, eta heldu den urteetarako erronka nagusienak lantzeko.
Hirugarren pausua herritarrekin eta eragileekin eginen dute. Kontraste saio bat antolatu dute apirilaren 5ean, larunbata, goizez. Heldu den sei urteetarako helburuak, lan ildoak eta erronkak landuko dituzte beraiekin ere. Gainera, banakako elkarrizketak ere eginen dituzte, kontraste saiora joaterik ez duten eta planarentzat estrategikoak diren kolektibo eta eragileen iritziak bildu ahal izateko. Iritziak biltzeko prozesu hori apirilaren erdi alderako akabatzea aurreikusten da.
Parte hartze prozesuaren ondotik, mankomunitateko teknikarien esku geldituko da plana idaztea. Ondotik, Batzorde Erabakitzailearen esku geldituko da dokumentua onartzea. Irailean eginen dute planaren aurkezpen publikoa eta dei eginen die parte hartze prozesura bertaratutako herritarrei eta eragileei saio horretan parte har dezaten.
2026an hasiko da planaren exekuzio fasea. Horretarako, urtez urteko kudeaketa planak eginen dituzte, mankomunitatearen urteko aurrekontuarekin lotuak egonen direnak.