«Adineko jendea antolatzearen beharra» aldarrikatu dute pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 18a, 12:30

Atzo Lesakako plazan egindako elkarretaratzea.

Hilabeteko hirugarren astelehenetan egiten duten hitzorduari hutsik egin gabe, elkarretaratzea egin zuten atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak deituta. 27 lagun bildu ziren Lesakan egindako agerraldian.

«Adineko jendea antolatzearen beharra» hartu zuten hizpide atzoko saioan. «Lanetik erretiratzerakoan, bizitzaren bertze fase batean sartzen gara. Osasunez oraindik ongi egoten ahal gara, eta oraindik jendarteko ekimenetan gure partea ere ematen ahal dugu», aipatu zuten. «Hainbat esparrutan» parte hartzen ahal dutela adierazi zuten, baina atzokoan pentsiodunen mugimenduan paratu zuten arreta.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak «astero-astero plazara ateratzen zazpi urte» daramatzala oroitarazi zuten, eta bide beretik, «Baztan-Bidasoan ere gure ekarpentxoa egiten diogu mugimenduari». Aldarrikapen gehienak «pentsioen ingurukoak» diren arren, ez direla bakarrak nabarmendu zuten: «osasun arretaren ingurukoak, ingurumenari eraso egiten dioten proiektuen kontrakoak, adinekoen zaintzaren ingurukoak, langile eta pertsona guztien bizi baldintza duinen aldekoak, munduko herritar guztien eskubideak errespetatzearen aldekoak...».

Horrekin batera, «zazpi urtez ondoan izan duten pankarta aldatu» dutela azpimarratu zuten: «Orain 1.080 euro izatetik, Guttieneko pentsioa = guttieneko soldata izatera pasatu da. Orain arte 15.876 eurokoa zen guttieneko soldata, eta aurtengo urterako onartu da 16.576 eurokoa izatea». Horren inguruan, honela kontatu zuten: «Aurrekaririk gabeko ekimen bat adostu dute sindikatu guztiek, EAEn nola Nafarroan, guttieneko soldata propioa izan behar dela, beti ere Europako aholkuak dioen arabera, hau da, guttieneko soldata soldaten banaz bertzekoaren % 60koa izan behar dela. EAEn eta Nafarroan badira baldintzak guttieneko soldata propioa izateko, eta hau izanen da ondoko hilabeteetan, langileek eta pentsiodunok motxilan hartu beharreko bertze zama».

Pentsiodunen mugimenduaren «ahots propioa» aldarrikatuz borobildu zuten atzoko hitzordua: «Edozein behar dela ere, jende guztiaren bizi eta baldintza duinen alde aterako gara».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun