Arantzako Mendi Lasterketan parte hartzeko azken dortsalak gelditzen dira

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 14a, 13:00

Arantzako Ekaitza Elkarteak antolatuta, martxoaren 30ean izanen da Arantzako borzgarren Mendi Lasterketa. Hasiera batean, antolatzaileek 200 lasterkarirekin paratu zuten muga, baina izen ematearen arrakasta ikusita, 50 dortsal gehiago atera zituzten. Gaur-gaurkoz, 10 bat gelditzen dira.  

Urte hasieran ireki zuen Ekaitza Elkarteak Arantzako Mendi Lasterketan izena emateko epea eta erantzun ona izan du. Hasiera batean aurreikusitako 200 dortsalak agortuta, bertze 50 paratu zituen aukeran, eta horiek ere erantzun ona izaten ari dira. Lehenagotik agortzen ez badira, martxoaren 24ra arte izanen da mendi lasterketan apuntatzeko aukera, lotura honetan.

Dortsalak lasterketaren egunean 08:00etatik 09:00etara hartzen ahal izanen dira.

Ibilbidea

Lasterketa martxoaren 30ean 09:30ean hasiko da Arantzako plazan, eta 20 kilometroko ibilbidearen ondotik, bertan izanen du helmuga. Malda, berriz, 1.300 metrokoa izanen da.

Maldan goiti hasi beharko dute lasterkariek lasterketa. Plazatik abiatuta, lehenbizi Bulatxikira eta ondotik Zepurura (715 m) igo beharko dute, eta Illurdi (1.072 m) izanen dute hurrengo erronka, lasterketako punturik altuena. Ondoko kilometroak mila metro inguruko altueran egin beharko dituzte: Ekaitzatik (1.040 m) pasatuta Ibintzara joan beharko dute (1.032 m) eta handik Ollargatara (660 m) jaitsi. Herrirako bidea hartuko dute segidan, maldan beheiti, baina azken zatia maldan goiti egin beharko dute berriz.

Bidean, lau hornidura puntu izanen dituzte: Zepurun (4,5. km) edatekoa, Ekaitzan (10. km) jatekoa eta edatekoa, Ollargatan (14. km) jatekoa eta edatekoa eta helmugan (20. km) jatekoa eta edatekoa.

Lasterketa gehienez hiru ordu eta hamabortz minutuz osatu beharko dute kirolariek eta Ekaitzatik ordu batez eta 45 minutuz.

Bertzalde, antolatzaileek adierazi dutenez, lasterketa «plastikorik gabekoa eta jasangarria» izanen da. Hortaz, hornidura puntuetan ez dute baso eta platera plastikozkorik paratuko, eta lasterkariek eurek eraman beharko dute edateko ontzia. Gisa berean, hondakinak zaborrontzietatik kanpo botatzea debekatu dute.

Sariak

Emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, lehenbiziko hiru sailkatuek sariak izanen dituzte, eta horrez gain, Ekaitzako kaskotik pasatzen den lehenbiziko Bortzirietako lasterkariak Xabier Zubieta Saria hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun