Asteburu honetan agertu diren pintaden inguruan lesakarrekin hausnarketa bateratu bat partekatu nahi izan dute Lesakako Udalak eta Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteak. Honela, «ilusio eta esfortzu handiarekin gure herria bizirik, zerbitzuz beterik eta txukun mantentzeko lana egiten dugu egunero. Azken aldian gertatzen ari diren txikizioek bertze herritar batzuek hori baloratzen ez dutela ikustarazten digu. Guk merezi dugun herriaren alde segituko dugu. Eta zuk?», dio oharrak.
Izan ere, asteburu honetan pintadak agertu dira herriko hainbat txokotan, tartean, argazkietan ageri denez, herriko etxeko paretan dagoen informazio panel elektronikoan eta Gurekin Lesakako Zerbitzuen Elkarteak margotutako panelean ere. Bertze hainbat asteburutan bertzelako txikizioak izan dira herrian, loreontziak hautsiz edo ipurditik ateriz, zaborrontziak irauliz…