Nafarroako Gobernuak 800.000 euro inbertituko ditu Lesakako NA-4000 zeharbidea hobetzeko

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 13a, 14:00

Oscar Chivite, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea, hitzarmena sinatzen.

Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Ladis Satrustegi Lesakako alkateak hitzarmena sinatu dute Albistur karrikako sareak (hornidurak, eta ur beltz eta euri uren sareak) eta zola berritzeko. Tokiko Inbertsio Planaren bidez finantzatuko da obra.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Lesakako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute Lesakako Albistur karrikako zoladura eta sareak berritzea (NA-4000 zeharbidea) izeneko obrak egiteko. Lurralde Kohesio Departamentuak finantzatuko ditu obrak, eta 791.869,24 euroko aurrekontua dute osotara (BEZa barne). Horietatik 173.931,75 euro Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak babestuko ditu, eta gainerako 617.937,49 euroak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak ordainduko ditu, Tokiko Inbertsio Planaren bidez.

 

NA-4000 zeharbidea hobetzeko funtsezko jarduera

Albistur karrika hagitz bide garrantzitsua da Lesakarentzat, herria zeharkatzen baitu, NA-4000 Lesaka-Oiartzun errepidearen zati gisa. Jarduera honekin, Nafarroako Gobernuak zeharbidearen irisgarritasuna, segurtasuna eta funtzionaltasuna hobetuko ditu. Horretarako, Albistur karrikaren zoladura osoa berrituko dute, bide uniformea eta segurua egiteko.

Obrek 204 metro inguruko tartea hartuko dute. Orain eskasak eta estuak diren espaloiak atonduko dituzte, irisgarritasuna bermatzeko eta oinezkoen zirkulazion segurtasuna ziurtatzeko.

Gainera, hornidura sareak eta ur beltzen eta euri uren sareak berrituko dituzte, lurpeko drainatze eta kanalizazio sareak instalatuz, eta herriko zerbitzuen iraunkortasuna eta funtzionamendu egokia ziurtatuz.

Era berean, oinezkoentzako pasabideetan seinalizazioa berrantolatu eta hobetuko dute, ikuspen egokia eta bide segurtasuneko araudira egokituz. Zehazki, oinezkoentzako hiru pasabide hobetuko dituzte, seinaleak birkokatuz, espaloiak zabalduz eta ikusmen oztopoak kenduz.

Proiektuak bi hilabeteko epea du gauzatzeko, herritarrei ahalik eta eragozpen guttien sortzeko eta zeharbidearen segurtasuna eta funtzionaltasuna lehenbailehen hobetzeko.

Obra honekin, Lesakako Udalak tokiko azpiegiturak eta bide segurtasuna hobetzeko konpromisoa berresten du, oinezkoei lehentasuna emanez eta aitzineko agintaldian hasitako mugikortasun planari segida emanez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun