Eñaut Arburua Portu atleta lesakarra bere bidea egiten ari da atletismoaren munduan. Larunbat honetan Donostiako Belodromoan jokatu dira Gipuzkoako 20 urtez eta 18 urtez beheitiko pista estaliko txapelketak eta, oraindik 15 urte bertzerik ez baditu ere, Irungo Super Amara Bidasoa Atletico (BAT) taldean ari den Arburuak garaipena lortu du 18 urtez beheitiko kategoriako 400 metroko lasterketan.
Donostiako Belodromoko pistak sei kale dituela eta finalean zortzi korrikalari zirela kontuan hartuz, finala bi lasterketetan banatu behar izan zuten. Eñaut Arburuak berea erraz irabazi zuen, 51 segundo eta 63 ehuneneko markarekin. Hiru segundo baino gehiagoko aldea atera zion bigarren izan zen Tolosa CF taldeko Urko Azurmendiri (54.91) eta bortz segundo baino gehiagokoa Atletico San Sebastian taldeko Oier Vicenteri (56.99).
Baina bigarren lasterketaren esperoan egon behar zuen Lesakako korrikalariak Gipuzkoako txapelketa berea zen jakiteko. Izan ere, bi arerio gogorrenak lasterketa horretan aterako ziren. Honetan, Atletico San Sebastian taldeko Unax Barros gailendu zen (52.46), Mikel Benito taldekidearen aitzinetik (52.58). Biek, halere, Eñaut Arburuak baino marka txarragoa egin zuten eta, beraz, korrikalari lesakarra da 400 metroko Gipuzkoako txapeldun berria pista estalian, 18 urtez beheitiko kategorian. Podiumean Atletico San Sebastian taldeko Barros eta Benito izan zituen lagun.