Igogailuetarako soluzioetan liderra den eta igogailuetarako gida eta osagai mekanikoen fabrikazioan espezializatuta dagoen Savera enpresa bisitatu du berriki Beran Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak. Konpainiak 90 langile ditu Berako fabrikan.
Bisitan zehar, kontseilariak ekoizpen arloak bisitatu ditu, eta bertan ezagutu ahal izan ditu 1967an sortu zenetik Savera sektorean erreferente bihurtu duten berrikuntza eta fabrikazio prozesuak; Beran bere ibilbidea hasi zuen konpainia globala da Savera, eta Kone, Otis, Schindler, Mitsubishi, TKE, Hitachi, Johnhyundai eta Toshibitec bezalako talde multinazionalentzat lan egiten du.
Savera bezalako enpresek Nafarroako sare industrialean duten garrantzia azpimarratu du kontseilariak, «kalitatearekin, berrikuntzarekin eta nazioartekotzearekin» duten konpromisoa azpimarratuz. Era berean, adierazi duenez, «eremu horretako garapen industriala garrantzitsua da lurralde kohesiorako, Bidasoa aldeko dinamismo industriala jarraitu beharreko adibidea da».
José Vicente Espínek, konpainiako Europako eta Indiako zuzendari nagusiak, bere aldetik, hau adierazi du: «Saverak nazioarteko presentzia sendotu du Turkian, Alemanian, Txinan eta Indian, besteak beste, dituen ekoizpen-instalazioekin, eta, horri esker, hainbat merkatutan bezero-zorro zabal bati erantzuteko aukera du. Hedapen hori giltzarria izan da enpresa igogailuetarako osagaien sektorean erreferente global gisa kokatzeko».
Fabrikako arduradunek sailburuarekin partekatu dituzte etorkizuneko planak, nazioarteko merkatuetan duten presentzia are gehiago indartuz, betiere bikaintasunarekiko konpromisoari eutsiz. “Gure kideak Jeddah Tower-en (Yeda, Saudi Arabia) daude, munduko eraikinik altuena izango dena 1.000 metrotik gora eta 500-600 metrotik gora dauden beste batzuetan, hala nola Merdeka 118 edo Petronas Towers Kwala Lumpur-en (Malaysia), Shanghai Tower, One Vanderbilt edo 432 Park Avenue New Yorken (AEB) eta mundu zabalean banatutako bertze aunitz, hala nola, Eiffel Dorrea Parisen edo Guggenheim Museoa Bilbon.