Gizonezkoen 680 eta 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelak banatu ondotik, oraindik Euskal Herriko bertze lau txapel jokoan izanen dira otsailean eta martxoan. Joan den urtean, historian lehen aldiz, txapel guztien jabe egin zen Beti Gazte. Aurten, oraingoz, bide beretik doaz lesakarrak, baina lan handia gelditzen da egiteko. Lan horretan lehen urratsa otsailaren 8an, larunbatean 17:00etan hasiko den jardunaldian eman beharko dute Ezpeletan. Gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa jokatuko dute. Pisu honetan ariko dira talde gehien, 9 denera: Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide A eta B. Hortaz, bi kanporaketa saioen ondotik (larunbatean Ezpeletan eta otsailaren 22an Berangon, Bizkaian), sei talde onenek jokatuko dute finala martxoaren 8an Pobesen (Araba).
Euskal Herriko sokatira txapelketa azken txanpan
Astebeteko atsedenaldiaren ondotik, aipatu bezala, otsailaren 22an jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko bigarren kanporaketa, baita emakumeen 500 kiloko lehena ere, Berangon (Bizkaia). Emakumeen pisu arinean Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira.
Martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Nafarroan (herria zehaztu gabe dago oraindik). Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.
Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.
Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute (Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira). Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran.