Hirugarren sektorea indartzeko proiektua abiatuko da Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 6a, 09:00

Lesakako Gurekin Zerbitzuen Elkarteko zenbait kide.

Proiektu hori dinamizatzeko hiru laguneko lan taldearen bila dabil udala eta otsailaren 10etik 20ra aurkez daitezke

Lesakako Udalaren eta Fundación Emplearen eskutik, proiektu berri bat martxan jarriko da otsailean, herriko hirugarren sektorea indartzeko. Fundación Empleak dinamizatuta, Pueblos VIVID Herriak proiektuaren barrenean, tokiko komertzioek lan saioak egin dituzte, Lesakako hirugarren sektoreko erronkak eta beharrak identifikatzeko, eta ondoren ideazio bat garatzeko. Ideazio horietatik hiru proiektu pilotu definitu dituzte aitzinera eramateko, eta komertzioen ideien jarraipena eta exekuzioa bermatzeko beharrezkoa da talentua erakartzea.

2024ko ekainean hasita, Fundación Empleak zenbait saio gauzatu ditu hirugarren sektoreko mahaiarekin batera, tokiko negozio eta saltokien inguruko erronkak identifikatu eta lan ildoak definitzeko. Identifikatutako akzio horiei jarraipena eman ahal izateko, talentua erakartzea beharrezkoa da, proiektu pilotuak diseinatu, aurrera eraman eta hala, hirugarren sektorea sustatzeko, landa-inguruneko herrietarako funtsezkoa baita.

Fundación Emplea Nafarroako Gobernuak bultzatutako proiektu pilotu bat lantzen ari da, gazteek herriei buruz duten ikuspegia epe ertain-luzean aldatzea helburu duena, Nafarroako udalerrietan funtsezko bizi-esperientziak sustatuz. Hori dela eta, proiektuaren xedea herriekin lan egitea da: 2024. urtean Nafarroako 10 udalerritan despopulazioaren aurka borrokatzeko proiektuak aktibatzea edo indartzea.

Pueblos VIVID Herriak markoaren barnean parte hartzen duen herrietako bat Lesaka da. «Hirugarren sektoreko mahaiaren dinamizazioa lantzen ari gara, izan ere, udalak identifikatutako erronketako bat da epe ertain-luzera begira Lesakako saltokiei laguntzea eta berriak erakartzea», adierazi du Itsaso Alcaldek, Lesakako Udaleko Turismo eta Komertzio Koordinatzaileak.

 

Hiru proiektu gako

Lesakako hirugarren sektoreko mahaiko kideekin batera, tokiko merkataritza aktibatzeko hiru proiektu gako identifikatu dituzte eta horiek garatzeko lan talde baten bila dabiltza:

  1. Proiektu deigarria: sentsibilizazio kanpaina bat diseinatzea eta plazaratzea, jendea tokiko kontsumoaz kontzientziatzeko.
  2. Epe laburreko proiektua: online salmenta zerbitzu bat sortzea Whatsapp talde baten bidez, tokiko produktuen merkaturatzea erraztuz.
  3. Epe luzerako proiektua: hutsik dauden lokalak dinamizatzea, paneletan eta 3D maketetan aurkeztutako negozio berrien proposamenak diseinatuz, hutsik dauden lokalen potentziala erakusteko eta ekintzaile berriak erakartzeko.

Helburua, hautatutako taldeak hiru proposamenetatik gutxienez bi gauzatzea litzateke.

Ideia horiek aitzinera eramateko, hiru pertsonaz osatutako talde bat behar dute, honako profil hauekin:

  • Proiektuen kudeaketan, proiektuen diseinuan eta berrikuntza prozesuetan ezagutza/esperientzia dituen eta proiektua gidatzeko ikuspegi estrategikoa duen pertsona bat.
  • 3D diseinu eta modelatze aplikazioak erabiltzen dakien pertsona bat, hala nola Adobe, Fusión 360, Autocad…
  • Marketin esparruan ezagutza/esperientzia duen pertsona bat, hala nola sare sozialen kudeaketa, plataforma digitalak eta ikus-entzunezko edukiak editatzeko aplikazioak.

Profilak Lesakakoak izatea lehenetsiko da, herriko talentua sustatu nahi baita.

Diziplina anitzeko profilak aukeratuko ditugu, gaitasun tekniko zein zeharkako gaitasun desberdinak dituzten profilez osatutako talde aberasgarri bat eratuz.

 

Kandidaturak jasotzeko prozesua

Otsailaren 10etik otsailaren 20ra kandidaturak jasotzeko epea irekiko dute: kartelean QRak izanen dira lehen izena ematea egiteko eta ondoren idatzizko formulario bat bete beharko da.

Otsailaren 24an froga presentzial bat eginen da eta taldean erronka bati aurre egin beharko diote izena emandako parte hartzaile guztiek.

Otsailaren 26 eta 27an elkarrizketak eginen dituzte.

Otsailaren 28an aukeratuak zein diren erranen dute.

Ondotik, martxoaren 17tik maiatzaren 19ra bitarte izanen da mentoria prozesua eta maiatzaren 19rako burutu beharko dira proiektu pilotuak.

Eskuratu nahi den inpaktua: herritarrek Lesakaren tokiko komertzioa gertutik ezagutu eta elkarlana sustatzea, erronka errealetan lan eginez eta hirugarren sektorearen aldeko apustua eginez.

Ekimen honen helburua Lesakako komertzioan eragin positiboa izanen duen prozesu berritzaile bat dinamizatzea izanen da. Horretarako, herritar, udal eta merkatarien arteko elkarlana bilatu nahi da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun