Genero ikuspegia udalen jardueran txertatzeko udal ordezkarientzako formakuntza saioak eginen dituzte aurten ere Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2025ko ots. 5a, 19:00

Joan den urtean Igantzin egin zuten formakuntza saioa Bortzirietako udal ordezkariek (argazkian) eta datorren astean Lesakan eginen dute.

Otsailaren 11n eta 12an eginen dituzte Lesakan Idoia Lekue adituaren eskutik

2023. urtean Bortzirietako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana onartu zen (2023-2027). Bertan, lehendabiziko esku-hartze arloan Bortzirietako bortz udaletan genero ikuspegia udalaren jardueran txertatzearen beharra azpimarratzen da. Ardatz hau udaletan garatu ahal izateko, ezinbertzekoa da udaletako udal ordezkari politikoek genero politiken inguruko ezagutzak eskuratzea, udal jarduera guzia genero ikuspegitik landu ahal izateko.

2023an ekintza hau aitzinera eramateko, Bortzirietako Udal ordezkarientzako Berdintasun politiken inguruko oinarrizko formakuntza saioa antolatu zen Etxalarren. 2024an, Igantzin formakuntza saioa errepikatu eta sakontze saio bat antolatu zen pixkanaka ezagutza horiek eskuratzen joateko.

 

Otsailaren 11n eta 12an Lesakan

Berdintasunarekiko konpromiso politikoa lantzen jarraitzeko, 2025eko hiru orduko saioak Lesakako udal pleno aretoan eginen dituzte otsailaren 11n, astearte arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, eta 12an, asteazken goizez, 10:00etatik 13:00etara, Idoia Lekue Peña adituaren eskutik.

Formakuntzaren helburuei dagokienez, berdintasun irizpideekin lan egiteko beharraz ohartzea, genero ikuspegia txertatzeko hainbat gako ezagutzea eta genero zeharkakotasunaren ezinbertzekotasunaz jabetzea dira, bertzeak bertze.

Ikasitakoaren aplikazio praktikoa eta erreala bilatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun