Izan ere, Nekane Lasaga, Irain eskolako ikasketa buruak azaldu duenez, «ez da erraza horrelako ikasgela bat gauzatzea, guttienez 100 metro koadro behar dira eta leku argitsua eta kanpotik ikusten dena izan». Horrela, 2021-2022 ikasturtean aurkeztu zuten lehen proiektua, baina Hezkuntza Departamentuak ez zuen onartu. Hurrengo ikasturtean onartu zen egitasmoa eta zenbait aukera baztertu ondotik, arkitektoarekin batera gelak aukeratu zituzten eta lehengo bi gela eta laborategiaren zati bat elkartzea erabaki zuten. 2023-24 ikasturtean hasi ziren obrak, ikasleen parte hartzearekin. Sarean ere lanean hasi ziren, ikasgela erabiltzeko lan taldea sortu zen eta altzariak ekarri zituzten. 2024-25 ikasturtean, azkenik, obrak bukatu dituzte, aholkulari baten laguntza dute eta material teknologikoaz hornitu dituzte, baina denaren gainetik, «ikasleek eta irakasleek dugun espazioa» azpimarratzen dute.
Gelako hornidura guztia ezagutzeko aukera izan dute, ikasleak ere bertan zeudela: 3D inprimagailua, robotak, Chromeko erremintak eta bertzelakoak. Azkenik, kafea hartu eta agurra egin dute.
Hezkuntza munduari aurkezpena egin ondotik, jendaurreko aurkezpena ere agudo egin nahi dutela jakinarazi dute Irain eskolatik.