Beti Gazte sokatira taldeak Euskal Herriko sokatira txapelketako bi txapel eskuratu zituen larunbatean, Lesakan bertan. Gizonezkoen 680 kilokoa lortu ondotik, bigarrena eta hirugarrena dira. Emakumezkoen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko kategoriako hiru jardunaldietan (Gernika-Lumon, Busturian eta Lesakan) tiraldi guztiak irabazi dituzte Beti Gazteko bi zortzikoteek txapela janzteko.
Emakumezkoetan, Beti Gazteren ondotik Ibarra eta Badaiotz igo ziren larunbatean podiumera eta Abadiño laugarren izan zen.
Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Onintza Zapiain (Bera), Elena Zabala (Doneztebe), Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Maddalen Lopez eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.
Gizonezkoetan, berriz, Karmelo Mitxelena, Xuban Arozena, Joxe Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea aritu ziren tiran eta Ander Mitxelena entrenatzaile.
Tiraldi guztiak irabazi zituzten lesakarren ondotik, bigarren posturako Ezpeletako Ñapurrak eta Zuraide talde lapurtarren arteko lehia izan zen politena, azken jardunaldira puntu kopuru berdinarekin ailegatu baitziren. Azkenean, Ñapurrak izan zen bigarren eta Zuraide A hirugarren. Ondotik sailkatu ziren Abadiño, Ibarra eta Zuraide B.
Aipatzekoa da sari banaketan Aroztegiko auzipetuekin elkartasuna adieraziz pankarta ere atera zutela tiralariek, azken jardunaldiko ordu berean manifestazio jendetsua egiten ari baitziren Iruñean.
Bertze lau txapel falta dira oraindik banatzeko
Gizonezkoen 680 eta 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelak banatu ondotik, oraindik Euskal Herriko bertze lau txapel jokoan izanen dira otsailean eta martxoan. Joan den urtean, historian lehen aldiz, txapel guztien jabe egin zen Beti Gazte. Aurten, oraingoz, bide beretik doaz lesakarrak, baina lan handia gelditzen da egiteko.
Otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa jokatuko dute Ezpeletan. Pisu honetan ariko dira talde gehien, 9 denera: Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide A eta B.
Otsailaren 22an, jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko bigarren kanporaketa eta emakumeen 500 kiloko lehena Berangon. Emakumeen pisu arinean Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira.
Martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Nafarroan (herria zehaztu gabe dago oraindik). Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.
Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.