Euskal Herriko bertze bi txapel eskuratzeko aukera ederra du Beti Gazte sokatira taldeak larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 30a, 14:00

Beti Gazteko Gerardo Telletxea zageroa eta Unai Gurrutxaga, joan den larunbatean Busturian egindako tiraldian. Larunbat honetan Lesakan izanen dute txapela janzteko aukera. Argazkia: Potronko

Emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko azken jardunaldia jokatuko dute eta Lesakako bi taldeek orain arteko tiraldi guztiak irabazi dituzte

Beti Gazte sokatira taldeak Euskal Herriko sokatira txapelketako bi txapel eskuratzeko aukera ona du otsailaren 1ean Lesakan bertan, larunbatean 17:00etan udal pilotalekuan hasiko den saioan. Gizonezkoen 680 kilokoa lortu ondotik, bigarrena eta hirugarrena lirateke. Emakumezkoen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko kategorian ari dira orain eta Bizkaian jokatutako ligaxkako bi jardunaldietan (Gernika-Lumon urtarrilaren 18an eta Busturian urtarrilaren 25ean) tiraldi guztiak irabazi zituzten Beti Gazteko bi zortzikoteek. Ligako puntuak kontuan hartzen direnez, Beti Gazteko emakumeek bigarren izatearekin aski dute txapela lortzeko eta gizonezkoek hirugarren izanda ere txapeldun izanen dira.

Beraz, ongi bideratua baldin badute ere, larunbatean lehiarako prest eta txapela segurtatzeko gogoz ariko dira goma gainean. Emakumezkoetan, Beti Gazterekin batera, Ibarra, Badaiotz eta Abadiño lehiatuko dira. Gizonezkoetan, berriz, lesakarrez gain, Ñapurrak, Zuraide A, Abadiño, Ibarra eta Zuraide B ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun