[GUTUNA] Lesakako Osasun Etxea: zuhaixken geometria

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 29a, 17:00

Lesakako Osasun Zentroaren erdian dagoen lorategia.

Lesakako Osasun Zentroko lorategi «xume baina ederrari» erreparatu dio Andoni Esparza Leibarrek bere idatzian. Bere egituran «geometria hutsa» dela dio eta «osotasunean poetikoa».

Gehienetan, Osasun Etxera joaten garenean, ez da gustuz izaten. Bakoitzak norberaren arazoa dugu buruan eta, normalean, eraikiaren estetika ez dugu arreta askorekin begiratzen.

Lesakakoaren patioan (ia klaustro bat dirudi), lorategi xume baina eder bat dago. Inguruko zurrunbilotik aparte, hor, erdian, bake gunetxo bat dugu. Laukia gurutzatzen duten bi bideek, lau zati sortzen dituzte. Laurden bakoitzaren angeluetan, zuhaixka bat dago, bola formarekin. 16 dira, beraz. Geometria hutsa.

Erdian metalezko suge bat dago, ahotik ur zorrotada harrizko fratel batera botako lukeena. Farmazia eta medikuntzari lotutako sinboloa da.



Lesakan, Osasun Etxea Nafarroako Gobernuak eraiki zuen, 1983. urte inguru. Proiektuaren egileak Alberto Ustarroz eta Manuel Iñiguez arkitektoek izan ziren. 1987. urtean lan honi eta Lesakako Herriko Etxeko zaharberritzeari Bruselan Prix Europeen de la Reconstruction de la Ville eman zioten. Nire ustez, eraikia oso ederra da.

Proiektua Lesakako Herriko Etxearen artxibategian ez dagoenez, ez ditut plano guztiak ezagutzen. Baina aldaketa txikiren bat izan zen. Aurrealdean adibidez, pergola bat egon behar zen. Baina gero, gure eguraldi euritsua kontuan hartuz, teilatua jarri zioten.

Dirudienez, arkitektoek ez zuten lorategia horrela aurreikusten. Aipatutako saria eman ziotenean proiektuari, liburu bat atera zuen, Archives d´Architeckture Moderne argitaletxeak. Bertan agertzen den planoan, bakarrik lau bola ikusten dira, lauki baten erdian bakoitza. Gaur egungo landare bola horiek, 1,5 - 2 metroko altuera baino gehiago altuera dute. Beharbada, hasierako asmoa ez zen hain handiak izatea, baina ederrak gelditu dira. Segur aski, lorezainen ideia izan da. Hala ere eta nire gusturako, ongi gelditzen dira horrela. Behar bada, arkitektura proiektuaren egileak bilatzen ez zuten emaitza lortu da.



Bigarren mailan, leihoen atzean, herritarrek eta bata edo txabuzina zuriak daramaten sendagile eta erizainak ikusten ditugu gehienetan. Normalean, bere pentsamendua ez du zerikusirik lorategiaren bake eta lasaitasunarekin.
Osotasunean, poetikoa da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun