[ARGAZKIAK] Landatu dute Labiaga Ikastolako oihana

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 28a, 17:00

300 lagunetik goiti elkartu ziren Berako Otsanda aldean igandean, Labiaga ikastolaren 50 urteurrenaren harira, arbolak landatzera. Ikasle ohiak, oraingo ikasleak, gurasoak, irakasleak eta baita ikasleen aitatxi-amatxiak ere, haize gogorra eta eguraldi traketsa izanagatik ere jende andana hurbildu zen 50. urteurreneko ekitaldi berezi honetara, gehienak herritik oinez abiatuak. Aitor Elexpuru alkatea ere han izan zen, Berako Herriko Etxeko ordezkari gisa.

Haizeak indar ikaragarriz jotzen zuenez agudo egin behar izan ziren lanak: Labiagatik pasatu den belaunaldi bakoitzak bere arbola landatu zuen, 51 guztira, eta ondoren talde argazkitxo bat egin zuten. Arbolak babesteko lanak bertze egun baterako utzi behar izan zituzten haizearengatik. Halere, Bastidako borda barrenean prestatu zuten luntxean mokadu bat jateko tartea izan zuen jendeak, herrira itzuli aitzinetik. Joan-etorriak oinez egin zituzten gehienek, eta bidean Ikastolako kontu zaharrak eta berriak aipatzeko tartea izan zuten, baita gelakideekin bazkariren baterako hitzordua jartzeko ere.

Hemendik aitzinera, oihanaren zainketa lanak egiteaz gain, Labiagako hegian landatutako 51 arbolei urtero-urtero zuhaitz gazte bat gehiago gehituko diete Ikastolan hasten diren ikasle berriek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun