Euskal Herria eta Kataluniaren arteko senidetzea helburu duen jaialdia antolatu du Lesakako udalak otsailaren 22an, Calçtxotx! 2025 goiburupean.
Egitarauari dagokionez, larunbat honetan 12:00etan txaranga ibiliko da eta poteoa eginen dute. 14:00etan bazkaria eginen dute Plaza Zaharrean. Egunaren goiburuak dioen bezala, Katalunian ohikoak diren calçotak eta Euskal Herriko txotxeko sagardoa izanen dira menuko oinarria. Euria eginen balu, udaletxeko arkupeetan eginen litzateke bazkaria.
Bazkalondoan, 16:30ean, bertso glosa saioa eginen dute eta 18:30ean kontzertua izanen da Lesakako Hago Silik rock taldearekin eta Kataluniako Alt Empordàko The Rural Kids oi! taldearekin.