Bikain ari da Lesakako Beti Gazte sokatira taldea Euskal Herriko txapelketan. Gizonezkoen 680 kiloko txapela jantzi ondotik, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapela jokoan da orain eta Gernika-Lumon jokatutako lehen jardunaldian bezalaxe, larunbat honetan Busturian jokatutako bigarren jardunaldian ere tiraldi guztiak irabazi zituzten neskek, nahiz mutilek. Heldu den larunbatean Lesakan jokatuko dituzte bi kategoria hauetako finalak eta, itxura batean, etxean txapela janzteko aukera izan dezakete bi taldeek, orain arte pilatutako puntuak kontuan hartuko baitira.
Busturiako jardunaldian, Beti Gazteko emakumeek tiraldi guztiak irabazi zituzten eta gibelean utzi zituzten Ibarra (bigarren), Badaiotz (hirugarren) eta Abadiño (laugarren). Bi jardunaldietako puntuak batuta, Beti Gaztek zortzi ditu, Ibarrak sei, Badaiotzek lau eta Abadiñok bi.
Gizonezkoei dagokienez, Busturian Beti Gaztek irabazi zituen tiraldi guztiak eta oraingoan Ñapurrak izan zen bigarren eta Zuraide A hirugarren (Gernika-Lumon alderantziz izan ziren bigarren eta hirugarren postuak). Abadiño laugarren izan zen, Ibarra bosgarren eta Zuraide B seigarren. Honela, Beti Gaztek hamabi puntu ditu eta Ñapurrak eta Zuraide A taldeek bederatzina. Beraz, Beti Gazteko gizonezkoek aski dute Lesakan hirugarren izatearekin txapela janzteko.