Giro ederrean ospatu dute Bertso Eguna Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 27a, 11:00

Euskal Herriko txoko guztietatik joandako bertsozalez bete zen Lesaka pasa den larunbatean. Bertso Eguna ospatu zuten goizean hasi eta gauera arte, eta giro ederrean joan zen eguna. Bortzirietako Bertso Eskolak, Lesakako Udalak antolatu zuten eguna, Arrano ostatuarekin eta elkartearekin elkarlanean.

Goizean hasi zuten egunak Oinak bidean ibilbide gidatuarekin. Bertan, Lesakako hainbat bertsolariren inguruko kontuak eta kantuak aditzeko aukera izan zuten parte hartzaileak. Ibilaldiaren ondotik, bertso poteoa egin zuten herriko ostatuetan Epifora, Gernikako Lilibertso eta Aramaioko Bertso Eskoletako bertsolariek, Josu Sanjurjo lesakarra gidari zutela.

Arratsaldean izan zuen segida egitarauak. Harriondoa Kultur Etxean egin zuten arratsaldeko saioa. Kultur Etxea betea zela, sei bertsolari ari ziren kantuan: Maddi Ane Txoperena, Alaia Martin, Julio Soto, Amets Arzallus, Peru Abarrategi eta Maialen Lujanbio. Azken hau Nerea Ibarzabalen ordez aritu zen. Gaiak jartzen, berriz, Alaitz Rekondo lesakarra aritu zen. Ia bi ordu iraun zuen saioan, denetariko gaiak izan zituzten, eta entzuleak gustura atera ziren bertatik. 

Herrian tragoxka bat hartuta, Linddurrenborda sagardotegian egin zuten afaria. Mahaian eseri aitzinetik, ordea, eguneko momentu hunkigarrienetako bat izan zuten. Kupel artean elkartu ziren bertsozaleak eta Maialen Lujanbioren bertsoak kantatzen hasi ziren Hor Gu taldekoak. Orduan jakinarazi zuen Manolo Arozenak sagardotegiko kupeletako bati Maialen Lujanbio izena paratu ziotela. Bere izeneko kupela irekita, bertsoz eskertu zuen aitortza Lujanbiok. 

Afalondoan, Lesakako 'Hor Gu' taldeko Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa, Ninbe Urtxegi, Ekhiñe Zapiain, Iratxe Muxika eta Josu Txoperena bertso jarriak kantatzen aritu ziren Manex Pagola musikaria lagun zutela. Bestak Arrano ostatuan izan zuen segida DJ Infernuren saioarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun