Karrikan ezagutu zuen swinga eta lindy hopa: «Donostian paseatzen ohikoa izaten zen Donosti Lindy Hop elkarteko partaideak dantzaldi sozialetan dantza ikustea. Hagitz dantza alaia da eta poztasuna kutsatzen dute». Garai bertsuan, lagunak dantza horri buruz solasean hasi ziren, eta horrela murgildu zen: «Zer zen ez ezagutzetik hagitz presente egotera pasa zen denbora guttian eta klase batzuekin probatzea erabaki nuen. Hartu dudan erabaki onenetariko bat izan da», kontatu du.
Baina zer da swinga eta lindy hopa? Abuinek azaldu duenez, swinga XX. mendeko 20 eta 30. hamarkadetan Ameriketako Estatu Batuetan sorturiko musika estilo bat da, jazzaren familiakoa. «Erritmoak asinkopatuak dira eta hagitz-hagitz alaiak eta politak, jostatzera eta dantzatzera animatzen zaituztenak». Lindy hopa aldiz, garai bertsuan sortutako dantza mota ezagunena da. «Komunitate afro-amerikarrek sortu zuten bikote dantza da. Egoera sozio ekonomiko hagitz txarra zen garai hartan, eta dantza eta musikaren bidez bizitzaz disfrutatzeko ihesbide bat izan zen». Abuinek azaldu duenez, bi rol nagusi daude dantzan: leaderra eta followerra. «Leaderrak dantzaren norabidea proposatzen du eta bigarrenak bere pausu edo proposamen berriekin erantzuten dio; finean bi dantzariren arteko solasaldi bat da».
Giro ona
Gaur egun lindy hopak presentzia haundia du Abuinen bizitzan, asteazkenero elkartzen baita Bilboko Fretealagua izeneko ostatuan dantzatzeko. Asteburuetan ere Bilbon dantzatzeko aukera ugari daudela kontatu du, eta bere kasuan Donostiara ere joaten dela azaldu du. «Ekitaldi ia denak debaldekoak izaten dira, eta hagitz irekiak. Dantzatzen jakin edo ez, mundu guztia da ongi etorria eta beti gaude prest dantzari berriei ongi etorria emateko».
«LINDY HOP KOMUNITATEAK HAUNDITZEN ARI DIRA»
Donosti Lindy Hop elkarteko kide da eta swing kultura, musika eta dantzak dibulgatu eta bultzatzea dituzte helburu. «Argi diogu ez dela gure kultura, eta gure egoera hagitz diferentea izanda, komunitate filosofia aunitz lantzen dugu. Mundu guztia ongi etorria da eta gure eskuetan dagoen guztia egiten dugu jendea gustura egoteko. Denentzat segurua eta erosoa izanen den klima mantentzen saiatzen gara».
Igandero saio ireki bat izaten dute 12:00etatik 14:00etara Antiguako Merkatu zaharrean, eta bertze hainbat saio ireki ere egiten dituzte. Hala ere, ekitaldi nagusia Donosti Belle Swing nazioarteko jaialdia da. «Zazpigarren edizioa egin dugu aurten eta 400 dantzari bildu gara. Gainera, lehenengo aldiz antolakuntza taldeko partaide aktiboenetako bat izan naiz». Donostiako elkarteaz gain, euskal herriko hiriburu handienetan elkarteak daudela dio, eta harremana badutela. «Duela urte batzuk modan paratu zen eta dantza komunitateak handitzen ari dira».
Bizitzaren parte
Hasieran entretenimendua zena, gero eta pisu handiagoa hartzen hasi zen Abuinen bizitzan: «Doktoretza tesiak estres maila igotzen zidan, baina lindy hopak gutxitu. Zortzi urteren ondotik, nire afizio nagusia da». Gaur egun klasetara joaten segitzen du: Bilbon Gina Portillo eta Iker Dominguez irakasleekin Little Harlem eskolan, eta Donostian Ana Minguezekin Kandela eskolan.
«BETI NAGO PREST LINDY HOPAZ SOLASTATZEKO»
Lindy hopa dantzatzen oroitzapen politak ditu lesakarrak: lehiaketa bateko finalera ailegatu zen lehen aldia, lagun artean egindako bidaiak, urtebetetzearen bueltan zorionak zuri jotzen zuten bitartean dantzatzea... «Mila momentu daude, baina beti elementu berdinak daude: swing musika, lindy hop dantza, pertsona talde polit bat eta giro ezin hobea».
Hamar urte beteko ditu Donosti Lindy Hop elkarteak aurten, eta programa berezi bat prestatzen ari dira. Jendea parte hartzera bultzatu du Abuinek: «Interesa duenak Instagramen eta Youtuben eduki pila bat ditu eskuragarri. Bertzela, nigana hurbiltzen ahal dira lasai ederrean, nire pasioari buruz solastatzeko prest egoten naiz beti».