Berako Eztegara pasealekuko hainbat arbola moztu dituzte gaitzak jota zeudelako

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 24a, 14:00

Berako Eztegara pasealekuko hainbat arbola mozteko lanak bukatzear dira. Aspaceko langileak aritu dira azken egunetan arbola horiek mozteko lanetan, eta kimaketa lan txiki batzuk egitea bakarrik falta da lanak bukatzeko. 

Berako Udalak jakinarazi duenez, arbolak mozteko erabakia adituen aholkuak segituz hartu dute: «Gaitzak jota zeuden eta segurtasuna lehenetsi da». Pasa den udazkenean, lau asteko tartean, bi arbola erori ziren, eta oinezkoen zein autoen erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahi izan dute mozteko neurria hartuta.

«Udalarentzat ez da erabaki erraza izan, Eztegara pasealekuko paisaiaren ikur izan baitira arbola horiek», adierazi dute.  Azalpen gehiago ere eman dituzte: «Arbola horien adarrek arku forma polita osatzen zuten, baina arbolen pisua orekatua ez izatea ekarri du horrek, eta horri landareen osasun egoera eskasa gehitzen badiogu, ba arrisku probabilitatea altua zen». Lanak bukatzear, arbola berririk landatuko den erabaki behar dute orain, eta landatzekotan zein izanen diren. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun