Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako lanentzako beka deialdia egin du aurten ere Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 28a, 11:00

Olaia Telletxeak lortu zuen 2023-24 ikasturteari zegokion beka. Argazkian, Ladis Satrustegi alkatearekin batera, aurkezpenean.

Otsailaren 24ra arte aurkez daitezke lanak eta gehienez ere 500 euroko bi laguntza emanen dituzte

Lesakako Udalak Lesaka ikergai duten 2024-2025 ikasturteko gradu eta master bukaerako lanak egiteko diru laguntza emanen du aurten ere. Aurkeztutako lanen artean, bi aukeratuko dituzte eta bakoitzari 500 euroko saria emanen diote. Euskarazko proiektuak bakarrik aurkeztu daitezke.

Azken urteetan bezala, aurten ere Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako lanak saritzeko asmoa du udalak. Horretarako deialdia irekia du dagoeneko eta otsailaren 24a izanen da horretarako azken eguna.

Parte hartzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte: Lesakan erroldatuta egotea, eta 2024-2025 ikasturtean ikasketetako azken kurtsoan matrikulatuta egotea.

Eskaria egitean, eginen duten proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztu beharko dute, gehienez ere lau orrikoa. Laguntza jasotzen dutenek urtebeteko epea izanen dute lana aurkezteko eta Lesakako Udalarekin herritarren aitzinean egindako proiektu edo lana solasaldi batean aurkeztuko dute.

Deialdiaren inguruko informazio gehiago eta oinarriak hemen aurkitu daitezke.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun