Dena prest dago Lesakan larunbateko Bertso Egunerako

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 23a, 08:00

Bertso Eguna abiatzeko 'Oinak Bidean' ibilbidea eginen dute urtarrilaren 25ean Lesakan.

Bertsozale Elkarteak eta Bortzirietako Bertso Eskolak elkarlanean antolatu dute, egitarau zabalarekin

Bertso Eguna 2025eko urtarrilaren 25ean ospatuko dute Lesakan eta dena prest dute Bertsozale Elkarteak eta Bortzirietako Bertso Eskolak. Egun osoko egitarau zebala prestatu dute eta bertso jaialdirako nahiz afarirako sarrerak agortuak daude.

Egitaraua

Urtarrilaren 25ean, larunbatean 10:00etan paratu dute hitzordua: Oinak Bidean ibilbidea eginen dute Harriondoa kultur etxetik hasita. Ondoren, bertso-poteoa eginen dute eta hainbat bertso eskolatako kideek kantatuko dute. Eguerdian luntxa eginen dute Arranon, 14:30etik aitzinera.

Arratsaldeko jaialdian bertso gehiago entzuteko aukera izanen da: XXI mende, 25 (H)ilbeltz bertso saioa izango da Harriondoan. Kantuan, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Julio Soto Ezkurdia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Peru Abarrategi Sarrionandia ariko dira; gai-jartzaile lanetan, berriz, Alaitz Rekondo Ferrero.

Saioren ondotik ere izanen da festa giroa. 20:30etik aitzinera, afaria eginen dute Linddurrenborda sagardotegian. Eta afal ondotik, Manex Pagola eta aurten Bardoak txapelketa irabazi duen Hor gu Bortzirietako taldearen bertso jarriak izanen dira. Eguna biribiltzeko, DJ-a izanen dute Arranon.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun