Beti Gazteko neska-mutilek sendo segitzen dute Euskal Herriko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 20a, 15:00

Beti Gazteko emakumeek, zenbait tiralari berri izan arren, tiraldi guztiak irabazi zituzten larunbatean Gernika-Lumon. Argazkia: Potronko

Gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketako lehen jardunaldian nagusi izan zen Lesakako taldea Gernikan

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa nagusiko bigarren jardunaldia jokatu zuten larunbatean Gernika-Lumon. Emakumeen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldia jokatu zuten eta bietan Beti Gazte nagusitu zen.

Emakumeen 540 kiloko kategorian, Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen lehenbiziko postua eskuratzeko, bigarren Ibarra izan zen, hirugarren Badaiotz eta laugarren Abadiño. 640 kiloko gizonezkoetan ere Beti Gaztek tiraldi guztiak irabazi zituen, Zuraide A bigarren izan zen, Ñapurrak hirugarren, Abadiño laugarren, Zuraide B bosgarren eta Ibarra seigarren.

Beti Gazteko 640 kiloko kategoriako gizonezkoek ere tiraldi guztiak irabazi zituzten larunbatean. Argazkia: Potronko

Hilaren 25ean, larunbatean Busturian (Bizkaia) jokatuko dute pisu hauetako bigarren saioa eta finalak otsailaren 1ean jokatuko dituzte Lesakan.

 

Bertze kategoriak

Otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa jokatuko dute Ezpeletan. Pisu honetan ariko dira talde gehien, 9 denera: Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide A eta B.

Otsailaren 22an, jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko bigarren kanporaketa eta emakumeen 500 kiloko lehena Berangon. Emakumeen pisu arinean Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira.

Martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Nafarroan (herria zehaztu gabe dago oraindik). Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.

Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.

Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute saio bakarrean. Gizonezkoen pisu arinenean, Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira.

Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran eta martxoaren 29an, 23 urtez beheitiko txapelketa Abadiñon, eskualdeko ordezkaririk gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun