Lehenbizikoa buruan, bertze bi txapelen lehian hasiko da Beti Gazte sokatira taldea Bizkaian

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 17a, 13:00

Beti Gazteko emakumeak ere Euskal Herriko txapelketan hasiko dira larunbat honetan Gernika-Lumon, 540 kiloko kategorian.

Euskal Herriko 680 kiloko gizonezkoen txapelketa irabazi ondotik, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko txapelketetako lehen jardunaldia izanen dute larunbatean Gernika-Lumon

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa nagusia joan den asteburuan hasi zen Ezpeletan eta Lesakako Beti Gaztek lehen txapela jantzi zuen, gizonezkoen 680 kiloko kategorian. Asteburu honetan, berriz, emakumeak 540 kilotan eta gizonezkoak 640 kilotan lehiatuko dira. Larunbat honetan, 17:00etan hasita Gernika-Lumon eta hilaren 25ean Busturian jokatuko diren kanporaketen ondotik, kategoria hauetako finalak otsailaren 1ean jokatuko dituzte Lesakan.

Emakumeen 540 kiloko kategorian, Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz eta Ibarra lehiatuko dira eta 640 kiloko gizonezkoetan, Beti Gazte, Abadiño, Ibarra, Ñapurrak eta Zuraide A eta B.

 

Bertze kategoriak

Otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa jokatuko dute Ezpeletan. Pisu honetan ariko dira talde gehien, 9 denera: Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide A eta B.

Otsailaren 22an, jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko bigarren kanporaketa eta emakumeen 500 kiloko lehena Berangon. Emakumeen pisu arinean Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira.

Martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Nafarroan (herria zehaztu gabe dago oraindik). Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.

Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.

Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute saio bakarrean. Gizonezkoen pisu arinenean, Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira.

Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran eta martxoaren 29an, 23 urtez beheitiko txapelketa Abadiñon, eskualdeko ordezkaririk gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun