Lesakan bigarren aldiz antolatutako San Fermin lau eta erdiko pilota txapelketan izena emateko epea otsailaren 16an bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2025eko urtarrilaren 15a

Joan den urtean jokatu zute lehen aldiz Benito Tainta zenaren oroimenez, lau eta erdiko txapelketa. Argazkian, Benito Tainta erdian, Jose Luis semearen eta Iker bilobaren erdian, 2010ean.

Benito Tainta zenaren oroimenez antolatu du bigarren aldiz Arkupe pilotazale elkarteak eta sanferminetan, uztailaren 5ean, jokatuko dituzte finalak

Lesakako Arkupe pilotazale elkarteak lau eta erdiaren barreneko eskuz banakako pilota txapelketa antolatu du bigarren aldiz, Benito Tainta zenaren oroimenez. Bortz kategoriatan jokatuko dute: 2011 urtetik honat jaiotako neskak, haurrak (2011-2012), mutiko gaztetxoak (2009-2010), mutil gazteak (2007-2008) eta gizonezko nagusiak. Otsailaren 16ra arte eman daiteke izena.

Kategoria bakoitzean 32 pilotari onartuko dituzte gehienez  eta kanporaketa moduan jokatuko da. Martxoaren 23an hasita, neskak, haurrak, gaztetxoak eta gazteak igande goizetan ariko dira Lesakako, Sunbillako, Doneztebeko eta Iruritako pilotalekuetan eta gizonezko nagusiak ortzegunetan Lesakako pilotalekuan. Finalak uztailaren 5ean jokatuko dituzte, Lesakako sanferminetan.

Izena otsailaren 16ra bitarte eman daiteke, joseluistainta@gmail.com edo salaae@gmail.com helbide elektronikoetan. Izen-emate orrian telefonoaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat jarri behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun