Lesakako inauterietako kartel lehiaketarako lanak urtarrilaren 31 arte aurkez daitezke

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 15a, 20:00

Lesakako inauterietako kartel lehiaketarako lanak hilabete hondarrera arte aurkez daitezke. Argazkia: Ondikol

Aurkeztutako lanekin otsailaren 3tik 8ra erakusketa eginen dute liburutegian eta 250 euroko saria izanen du irabazleak

2025eko inauteriak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako Udalak. Urtarrilaren 31n, 13:00etan bukatuko da aurkezteko epea. Irabazleak 250 euroko saria jasoko du.

Kartelaren neurria A2koa izan beharko du (420 x 594 mm) eta bertan, derrigorrez, 2025eko INAUTERIAK LESAKAN otsailaren 27tik martxoaren 4ra azaldu beharko da. Lesakan jaioak edo bertan erroldatutako 18 urtetik goitiko pertsonek parte har dezakete eta aurkezten dituzten lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

Aurkezpena gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz egin daiteke, urtarrilaren 31ko 13:00ak arte.

Erakusketa otsailaren 3tik 8ra liburutegian

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da liburutegian, otsailaren 3tik 8ra (biak barne). Herri bozketak erabakiko du irabazlea, eta haren erabakia ezin izanen da gibelera bota. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, Lesakan jaioek edo bertan erroldatuak direnek bozkatzeko aukera izanen dute aipatutako egunetan. Kartel irabazleak 250 euro jasoko ditu. Lesakako Udala jabetuko da lan sarituez eta bertzeak itzuli eginen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun