Kamioi berria erosi dute Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateak eta Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 13a, 13:00

Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateak eta Baztango Udalak garabidun kamioi berri bat erosi dute ontzi arinen (edukiontzi horia) eta paperaren eta kartoiaren (edukiontzi urdina) bilketa hobetzeko

Kamioi berria erosteaz gain, txasis berri berri bat erosi dute, eta sutea izan zuen bertze kamioi baten kaxa eta garabia ere konpontzen ari dira. Gauzak horrela, laster hiru kamioi ariko dira edukiontzi horiek biltzen.

Azken urteetan aunitz haunditu da eskualdean sortutako ontzi arinen eta paperen eta kartoien kopurua. Igoera horren ondorioz, erakundeek haunditu egin dute bi hondakin mota horien bilketa maiztasuna. Hala ere, orain arteko baliabideekin ezinezkoa zen zerbitzu gehiago egitea, eta horregatik egin dute hiru erakundeek inbertsioa.

Bortzirietako Mankomunitateak eskatu zion dirulaguntza Nafarroako Gobernuari inbertsioa egiteko, eta Hondakinen Funtsaren bidez 140.000 euro onartu zituzten kamioi berria erosteko, eta bertze 90.000 euro txasis berria erosteko eta su hartu zuen kamioia konpontzeko. Deialdi horren barrenean, bertze bi dirulaguntza ere hartu ditu mankomunitateak. 

Etxekoen urteko fluxua izeneko dirulaguntzan 50.000 euro hartu dituzte honako dirulaguntzaten: Hondakinen prebentzioari buruzko sentsibilizazio-kanpaina – Baxera berrerabilgarria eta ekitaldi jasangarriak; josteko tailerrak: altzarien auto-konponketako tailerrak;  ezagutzaren araberako sorkuntza-kanpaina (KAYT); materia organikoari akonpainamendua; tamaina handiko hondakinen kudeaketa hobetzeko kanpaina; Garbiguneari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina; formakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa web-orriaren eta sare sozialen bidez; formakuntza, informazioa eta sentsibilizazioa mankomunitatearen egutegiaren bidez; etxean erabilitako olioa biltzeko inbutuak eta
erabilitako olioa garbigailurako xaboi likido bihurtzeko kanpaina.

Urte anitzek etxekoen fluxuan 108.948, 60 euro hartu ditu, honako dirulaguntzetan: edukiontzietarako tapa marroiak eta sarrailak; Garbigunerako bulego txikia;  arroparentzako kaiolak Garbigunean; Garbigunerako kartelak; Garbigunean tamaina handikoak kudeatzeko edukiontzi auto kulunkaria;  Bortzirietan, Baztanen eta Malerrekan ontzi arinak eta paper-kartoia gaika biltzeko txasisa erosi eta kamioia konpontzea eta errefusa edukiontzietarako tapak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun