Carlos Nuñez gaitari galiziarrak bosgarren aldiz lepo bete zuen Etxalarko Andre Mari elizan larunbat arratsean Celtic Sea bere azken diskoa aurkezteko eskainitako bi orduko kontzertu bikainean. 400 entzule baino gehiago izan ziren elizan. Beti bezala, kontzertu berezia izan zen Nuñezen taldean jotzen duen Itsaso Elizagoien trikitilari etxalartarrarentzat eta Irune Elizagoien honen ahizpa trikitilaria ere igo ziren eszenatokira.
Beraiekin batera, Gasteizko gaitari hirukotea edo publikoan zeuden Xanti Elizagoien osaba eta David de Jorge sukaldari ezaguna ere igo ziren. Bi hauek parez pare paratuta, pieza jo zuen Irune Elizagoienek eta Usategietako etxolako koadroan dagoen partiturako zortzikoa eskaini zuten Carlos Nuñezen taldekideek. Beraien errepertorioko kantekin batera, eguberrietako abestiak ere jo zituzten eta The Chieftains taldeko Jon Pilatzke musikariak, The Pogues taldearen Fairytale of New York kantuaren bertsio ederra eskaini zuen.
Aurtengo emanaldirako sarrerak aspaldian salduak ziren, baina heldu den urtean berriz ere bueltatuko dela hitz eman zuen Carlos Nuñezek.