Urte berria ere txapel handia jantziz hasi du Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 13a, 09:00

Euskal Herriko 680 kiloko sokatira txapelketako podiumean, Beti Gazte, Zuraide eta Ñapurrak.

Euskal Herriko 680 kiloko gizonezkoen txapelketa irabazi zuen larunbatean Ezpeletan

Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa nagusia asteburu honetan abiatu da. Larunbatean, Ezpeletan, gizonezkoen 680 kiloko txapela jokoan izan zuten jardunaldi bakarrean. Bortz talde lehiatu ziren pisu astunenean: Lesakako Beti Gazte, Abadiño, Ñapurrak eta Zuraide A eta Zuraide. Beti Gazte nagusitu zen, tiraldi guztiak irabaziz eta, honenbertzez, urteko lehen txapela jantziz. Zuraide eta Ñapurrak izan zituen lagun podiumean. Abadiño laugarren izan zen eta Zuraide B bosgarren.

680 kiloko Euskal Herriko txapela jantzi duen zortzikotea honakoa izan da: Karmelo Mitxelena, Xuban Arotzena, Jose Angel Mitxelena, Oskar Telletxea, Beñat Ordoki, Beñardo Iantzi, Unai Gurrutxaga eta Gerardo Telletxea. Paskual Taberna aritu zen entrenatzaile eta Ander Mitxelena laguntzaile.

Beti Gazteko zortzikotea tiran larunbatean Ezpeletan.

Beti Gaztek ez du erraza izanen joan den urteko marka berdintzea, Euskal Herriko zazpi kategorietako txapelak jantzi baitzituen. Historian lehen aldiz lortutako marka izan zen hori. Halere, lehen urratsa eman dute lesakarrek.

Beti Gazteko pisu astuneneko taldea, urteko lehen txapelarekin.

Gizonezkoen pisu astuneko txapela erabaki ondotik, emakumezkoak 540 kilotan eta gizonezkoak 640 kilotan lehiatuko dira. Urtarrilaren 18an Gernika-Lumon eta urtarrilaren 25ean Busturian jokatuko dituzte kanporaketak eta otsailaren 1ean finalak Lesakan. Emakumeen kategoria honetan, Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz eta Ibarra lehiatuko dira eta gizonezkoetan, Beti Gazte, Abadiño, Ibarra, Ñapurrak eta Zuraide A eta B.

Otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa jokatuko dute (herria zehazteko dago). Pisu honetan ariko dira talde gehien, 9 denera: Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide A eta B.

Otsailaren 22an, jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko bigarren kanporaketa eta emakumeen 500 kiloko lehena Berangon. Emakumeen pisu arinean Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira.

Martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Nafarroan. Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.

Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.

Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute saio bakarrean. Gizonezkoen pisu arinenean, Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira.

Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran eta martxoaren 29an, 23 urtez beheitiko txapelketa Abadiñon, eskualdeko ordezkaririk gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun