Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Nafarroako Programaren unitate mugikor berria astelehenean jarriko da martxan Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 10a, 10:00

Fernando Dominguez, Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariak atzo aurkeztu zuen unitate mugikor berria eta astelehenean hasiko da lanean Lesakan.

Duela 35 urte tumore mota horiek eragindako heriotza tasa murrizteko programa plantan eman zutenetik, programaren helburu diren emakumeen ia % 40k zerbitzu honen bitartez egiten du aldian behingo mamografia azterketa.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Nafarroako Programaren mamografien unitate mugikor berria aste honetan jaso du. Urtarrilaren 9an, ortzegunean egin zuen aurkezpena Fernando Dominguez osasun kontseilariak eta, iragarri zuenez, astelehenean hasiko da martxan Lesakan. 360.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin da ibilgailu berrian.

Astelehenetik aitzinera eta 2026ko martxora arte, programaren hamazazpigarren itzulia bukatzen denean, alegia, Nafarroan erroldatutako 45 eta 69 urte bitarteko 30.000 emakume baino gehiagori eskatuko zaie ibilgailu berri horretan esplorazio bat egitea. Zehazki, Leitza, Baztan, Mendabia, Lodosa, San Adrian, Cadreita, Valtierra, Corella, Buñuel, Cintruenigo, Cascante, Tutera, Lizarra eta Larragako emakumeei gonbidatuko zaie esplorazioa egitera.

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Nafarroako Programak emandako datuen arabera, 1990. urtetik honat 537.749 emakumek egin dituzte esplorazioak unitate mugikorrean eta 2.144 minbizi detektatu dituzte, gehienak eritasunaren hasieran. Beraz, programaren helburu diren emakumeen % 40 unitate mugikorrean egiten du azterketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun