Euskal Herriko goma gaineko sokatira txapelketa nagusia asteburu honetan abiatuko da. Larunbatean, Ezpeletan, gizonezkoen 680 kiloko txapela jokoan izanen da, jardunaldi bakarrean. Bortz talde lehiatuko dira pisu astunenean: Beti Gazte, Abadiño, Ñapurrak eta Zuraide A eta Zuraide B. Hain zuzen, joan den urtean historian lehen aldiz txapel guztien jabe egin zen Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra Euskal Herriko txapelketan, aurten Amaiurrek ez baitu talderik aterako.
Gizonezkoen pisu astuneko txapela erabaki ondotik, emakumezkoak 540 kilotan eta gizonezkoak 640 kilotan lehiatuko dira. Urtarrilaren 18an Gernika-Lumon eta urtarrilaren 25ean Busturian jokatuko dituzte kanporaketak eta otsailaren 1ean finalak Lesakan. Emakumeen kategoria honetan, Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz eta Ibarra lehiatuko dira eta gizonezkoetan, Beti Gazte, Abadiño, Ibarra, Ñapurrak eta Zuraide A eta B.
Otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa jokatuko dute (herria zehazteko dago). Pisu honetan ariko dira talde gehien, 9 denera: Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide A eta B.
Otsailaren 22an, jokatuko dute gizonezkoen 600 kiloko bigarren kanporaketa eta emakumeen 500 kiloko lehena Berangon. Emakumeen pisu arinean Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Ibarra eta Txantrea ariko dira.
Martxoaren 1ean, 580 kiloko txapelketa mistoko kanporaketa jokatuko dute Nafarroan. Txapelketa mistoan zazpi talde ariko dira: Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz, Berriozar, Bizindar, Ibarra eta Txantrea.
Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumeen 500 kiloko bigarren kanporaketa jokatuko dute Pobesen.
Martxoaren 15ean, Abadiñon, emakumeen 500 kiloko finala eta gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dute saio bakarrean. Gizonezkoen pisu arinenean, Beti Gazte, Abadiño, Berriozar, Bizindar, Ibarra, Ñapurrak, Txantrea eta Zuraide ariko dira.
Martxoaren 23an, txapelketa mistoko finala jokatuko dute Ibarran eta martxoaren 29an, 23 urtez beheitiko txapelketa Abadiñon, eskualdeko ordezkaririk gabe.