Mendi Eguna eginen dute larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 8a, 08:00

XVIII. aldiz Mendi Eguna eginen dute Beran heldu den larunbatean, hilaren 11n. Arratsaldean Santa Barbarara igoera eginen dute eta ilunabarrean dokumental baten emanaldia. Igandean, aldiz, mendi irteera izanen da.

Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenez Mendi Eguna eginen dute larunbatean Beran. Agerra Mendi Taldeak eta Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatu dute eta egitarau zabala prestatu dute larunbaterako zein iganderako.

Larunbatean hasiko da ekitaldia Santa Barbarako kronoigoerarekin. 15:30ean eginen dute proba, eta parte hartzaileak kiroldegiko zelaitik hasi eta Santa Barbararaino igo beharko dira bikoteka 5,5 kilometroko ibilbidea osatuz. Izen ematea egunean berean egiten ahalko da 14:15ean hasita edota aitzineko egunetan Pikabea harategian, Purinean eta manttaletaldea@gmail.com helbide elektronikoan. 16 urtetik beherako parte hartzaileak heldu batekin osatu beharko dute proba.

Probaren aitzinetik 15:e00etan lasterketa ikusteko irteera abiatuko da kiroldegi paretik. 15:15ean, aldiz, haurrentzako lasterketa izanen da.  Mendi irteera eta lasterkak bukatzean, luntxa izanen da parte hartzaileentzat eta hainbat sariren zozketa izanen da.

Ondotik, 19:00etan hasita, Kultur Etxean Ekaitz Maizen Mum Brakk II. Izan gorri, mamuon betiko argi dokumentalaren emanaldia izanen da. Josu Linazak eta Markel eta Oier de la Fuente anaiek Mun Brak II.aren (5.430 metro) orratzari egin zioten lehen igoera kontatzen du dokumentalak.

Igandean mendi irteera

Aurten, nobedade gisa, iganderako mendi irteera antolatu dute. 09:00etan paratu dute hitzordua kiroldegi aitzinean eta Postan barna, 8. mugaraino igoko dira. Ondotik, Manttalen barna Ibardinera joanen dira bertan hamaiketakoa egiteko. Tripa beteta, Usategieta aldera joanen dira, eta handik berriz ere kiroldegira jaitsiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun