’17 urte Etxeraino ekartzeko borrokan’ elkarretaratzea egin dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 7a, 10:00

'Etxeraino' elkarretaratzea egin zuten urtarrilaren 6an Lesakan.

Eguberrietan presoen alde Lesakan egin diren ekintzak bukatzeko, urtarrilaren 6an, astelehen eguerdian 17 urte Etxeraino ekartzeko borrokan elkarretaratzea egin zuten Onin errekaren inguruan, Gillemoneko zubian. Hainbat lagun bildu zen, Etxeraino! zioen pankartaren gibelean eta Hamazazpi urte idatzia irakurri zuten.

HAMAZAZPI URTE

Zer dire hamazazpi urte? Bete berri dituenaren ikuspegitik, aukera guziak zabalik. Oraindik adinez nagusi izan ez, eta hamaika bide bizigai: beharbada ikasketak unibertsitatean, agian bizileku berria, akaso lan mundurako jauzia, apika kotxeko karneteko ikastaroak, zortez lehen edo bigarren larrualdiak, bestak seguru noiznahi… Poz, min, kezka, eta batez ere bizitza aunitz, abiatzear, lehertzear.

Zer dire hamazazpi urte? Zubi honen azpitik pasatzen den errekarentzat, harriak eta ura parrastaka, bertzerik ez. Tarteka amuarrainen batzuk, mozkorren baten goitikak, plastikozko edalontziak sanferminetan, zubigainekoaren errepikapena urtez urte, herritarrak mandautuak eginez elkar agurtzen neguko goiz arruntetan. Eta batez ere ura, etengabeko joanean, aitzinera, tanta bakoitzeko ertzak higatzen, beti diferente bezain igualtsu.

Zer dire hamazazpi urte? Urte horietan zehar etxekoak eta lagunak faltan dituenarentzat hamaika kilometro, min, ilusio, jaiotza, beldur, heriotza, inpotentzia eta sufrimendu pilatuta. Ziega batean dagoenarentzat bezainbertze. Harentzat hamaika kide, espetxe, helbide, gutun, telefono dei, traslado, debeku, epaiketa eta esperantza ere bai. Eta galdera bat: noiz arte?

Zer dire hamazazpi urte? 7/2003 legea diseinatu zuen Jose Maria Aznarrentzat zenbaki soil bat: 40 urteko gehienezko kartzela zigorraren erdia exkax. Nazioarteko legediaren arabera bizi osorako kartzela zigorra baita; gizagabea, alegia. Madrilek nahi duenean alda lezakeena.

Zer dire hamazazpi urte? Euskal presoekiko maitasuna sekula ahantzi ez duen herri batentzat hamaika pankarta, giza kate, Sansilbestre, banderola, kontzentrazio, kartel, bertso, mendi itzuli, testu, elkartasun egun, Olentzero, zozketa, besarkada, itxaropen eta indar. Oraindik ere beharko ditugunak, ez daitezen pasatu bertze hamazazpi urte. Ur eta harri guti pilatu dadin gure oinetan, denak etxeraino ekarri arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun