Arantzako Mendi Lasterketan izena emateko epea irekia

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 4a, 11:00

2023ko edizioan lasterkariak irteera puntuan.

Arantzako Ekaitza Elkarteak iragarri duenez, martxoaren 30ean izanen da Arantzako Mendi Lasterketa, eta aurtengoa borzgarren edizioa izanen da. Aldi honetan ere Nafarroako Koparako puntuagarria izanen da.

Urte hasieran ireki du Ekaitza Elkarteak Arantzako Mendi Lasterketan izena emateko epea eta dagoeneko apuntatzen hasia da jendea. Martxoaren 24ra arte izanen da horretarako aukera eta egun horretatik kanpo ezin izanen da izenik eman. Lotura honetan eman behar da izena. Mendian federatuak direnek 25 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuak ez direnek 28 euro.

Antolatzaileek gehienez 200 lasterkari aurreikusi dituzte eta dortsalak egun berean, 08:00etatik 09:00etara hartu beharko dituzte plazan.

Ibilbidea

Lasterketa martxoaren 30ean 09:30ean hasiko da Arantzako plazan, eta 20 kilometroko ibilbidearen ondotik, bertan izanen du helmuga. Malda, berriz, 1.300 metrokoa izanen da.

Maldan goiti hasi beharko dute lasterkariek lasterketa. Plazatik abiatuta, lehenbizi Bulatxikira eta ondotik Zepurura (715 m) igo beharko dute, eta Illurdi (1.072 m) izanen dute hurrengo erronka, lasterketako punturik altuena. Ondoko kilometroak mila metro inguruko altueran egin beharko dituzte: Ekaitzatik (1.040 m) pasatuta Ibintzara joan beharko dute (1.032 m) eta handik Ollargatara (660 m) jaitsi. Herrirako bidea hartuko dute segidan, maldan beheiti, baina azken zatia maldan goiti egin beharko dute berriz.

Bidean, lau hornidura puntu izanen dituzte: Zepurun (4,5. km) edatekoa, Ekaitzan (10. km) jatekoa eta edatekoa, Ollargatan (14. km) jatekoa eta edatekoa eta helmugan (20. km) jatekoa eta edatekoa.

Lasterketa gehienez hiru ordu eta hamabortz minutuz osatu beharko dute kirolariek.

Sariak

Emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan, lehenbiziko hiru sailkatuek sariak izanen dituzte, eta horrez gain, Ekaitzako kaskotik pasatzen den lehenbiziko Bortzirietako lasterkariak Xabier Zubieta Saria hartuko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun