Kultura, kirola eta besta uztartuz borobildu dute urtea igantziarrek

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 2a, 15:30

Urtea giro ederrean bukatu zuten igantziarrek. Urtezahar egunean, gazte batzuek Abelu mendira irteera egin zuten, bertze batzuk Santaktan ibili ziren bitartean. Haurrak, berriz, ginkanan aritu ziren. Olentzerorekin egindako hitzorduan ere ez zuten hutsik egin igantziarrek.

Abenduaren 24a

Eguraldiak aunitzik lagundu ez bazuen ere, abenduaren 24an karrikara atera ziren Igantziko herritarrak. Goizean, herriko haurrak eta gazteak eskean ibili ziren etxez etxe. Arratsaldean, berriz, olentzeroak karrika bueltan atera ez bazituzten ere, Biltoki Ttikin antolatutako merienda eta lehiaketa egin zituzten.

Olentzero lehiaketan, DBHko gazteak izan ziren irabazle, baina aipatzekoa da Biltoki Ttikikoen antolakuntza (aurten beraien txanda baitzen) eta talde guztiek olentzeroak egiteko eta kantatzeko hartutako lana eta gogoa.

Abenduaren 31

Urte zaharrari akabaila ona emateko, alde batetik, mendi irteera antolatu zuten gazteak. Abelu izan zuten helmuga eta batzuk oinez, eta bertzeak bizikletan joan ziren tontorrera. Haurrak, berriz, ginkanan aritu ziren eta, ondotik, hamaiketako ederra egin zuten. Bertzetik, Santaktan ere ibili ziren herriko gazte batzuk urteko azken egunean, kantari etxez etxe eskean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun