Egun borobila pasa zuten pasa den larunbatean Bortzirietako Taldekako Bertso Txapelketaren bueltan elkartu zirenek. Berako Espidobaitan hasi zuten eguna, eta bertan egin zuten lehen saioa. Ondotik, Lesakako Antoiu ostatura joan ziren eta han egin zuten bigarrena. Lehen bi saioetan ahotsak berotu ondotik, arratsaldean hasi zen lehia.
Lehen finalerdia Zialdo ostatuan jokatu zuten, eta bertan aritu ziren Zer da Alkaiaga? (Maddi Ane Txoperena, Josu Txoperena, Julen Zelaieta eta Enaitz Zestau) eta Gure Alde (Aritz Landeta, Paule Bilbao, Manu Goiogana eta Itziar Mitxelena) taldeak. Azkenerako, bigarren taldea sailkatu zen finalera.
Bigarren finalerdia, aldiz, Etxeberria ostatuan egin zuten. Ostatua bete-betea zela Desgraziatuk (Ekhiñe Zapiain, Josu Sanjurjo, Urko Gartzia eta Egoitz Gorosterrazu) eta Namaste (Unai Mendiburu, Naroa Torralba, Josu Landeta eta Beñat Lopez) taldea aritu ziren nor baino nor. Azkenerako etxean gelditu zen garaipena eta Desgraziatuk taldeak lortu zuen finalerako txartela.
Etxeberriatik Arranorako bidea trikiti doinu artean egin zuten, eta Arranon afaldu ondotik hasi zen finaleko lehia. Bi taldeek ere final ederra egin zuten, baina, azkenerako etxean gelditu zen garaipena, Desgraziatuk taldeak lortu baitzuen gailentzea. Kotto saria, berriz, Manu Goioganarentzat izan zen. Iaz saria irabazi zuen Egoitz Gorosterrazuren eskutik hartu zuen saria.
Denera txapelketan 16 bertsolarik hartu zuten parte, eta horiekin batera bortz lagun aritu ziren aurkezle lanak egiten. Epaile lanetan, aldiz, entzuleak aritu ziren Bertze hainbat lagun aritu ziren trikitixa jotzen, grabatzen, eta bertzelako lanak egiten. Parte hartzaile denek, sari bera hartu zuten: sukalderako ohola.
25. edizio borobilaren ondotik, 2025ean eginen dute 26.ena.