Organo, txistu eta ahots kontzertua izanen dute Lesakan urtarrilaren 3an

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 30a, 09:00

Bihodi bikoteak, Lesakako laukote bokalaren eta zeharkako txirularen laguntza izanen dute urtarrilaren 3ko emanaldian.

Ortziralean 19:00etan hasiko da emanaldia elizan eta Bihodi proiektuko Ignacio Arakistain organista eta Peio Irigoien txistulariekin batera, Lesakako laukote bokala eta zeharkako txirula ariko dira

Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak (AAORL), organoa, txistua eta bertako ahotsekin osatutako kontzertua antolatu du urtarrilaren 3an, ortziralean, 19:00etan, Lesakako San Martin elizan. Honetan parte hartuko dute Bihodi proiektua osatzen duten Ignacio Arakistain organistak eta Peio Irigoien txistulariak, Lesakan osatutako laukote bokalaren eta zeharkako txirula baten kolaborazioarekin. Kontzertuko irudiak pantaila batean proiektatuko dituzte, eta, horri esker, entzuleek koruan musika nola interpretatzen duten ikusi ahal izanen dute. Sarrerak Telletxea eta Xagu liburu dendetan izanen dira, baita elizan ere kontzertua baino lehen (5 euro, borondatezko ekarpen gisa).

Ignacio Arakistain   

Ignacio Arakistain Agirre Azpeitian jaio zen, 1998an. Musika munduan bere lehen pausuak herriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen. Ondotik, bere ibilbidea, Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan jarraitu zuen, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak eginez. Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin. Saritua izan da Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketako tekla kategorian eta Donostia Hiria sariketan, berriz, Enrique Lartundo fundazioaren aipamen berezia jaso zuen. Burgosen ospatutako III. Francisco de Salinas Organo Lehiaketa Nazionalean hirugarren postua lortu zuen, bestalde. Donostiako Musika Hamabostaldian, Bizkaiko Hotsak zikloan, Nafarroako Organo Zikloan eta beste hainbat ziklotan parte hartu du. Kalifikazio gorenekin amaitu zituen 2021ean bere ikasketak Musikene, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian, Esteban Landart, Loreto F. Imaz, Monica Melcova edo Karol Mossakowski maisuekin lan egin ostean.

Etengabea izan da bere parte hartzea hainbat proiektu kulturaletan eta 2019an bere lehen konposizioak Galerak proiektuaren baitako diskoan kaleratu zituen. Ganbera musikaren alorrean, nabarmentzekoak dira Garazi Navas akordeoilariarekin zein Peio Irigoien txistulariarekin gauzatutako proiektuak. Bestalde, 2022ko urtarrilean VI. Donostiako Orfeoia Musikene Saria jaso zuen, Valentin Larrea (1876-1970) konposatzaileari buruz eginiko lanagatik. Vienako Musika eta Arte Dramatiko Unibertsitatean bere masterreko ikasketak amaitu berri ditu, Pier Damiano Peretti maisuarekin lan egin ondoren. Egun, Tolosako (Frantzia) Conservatoire a Rayonment Régional Xavier Darasse instituzioan formatzen dihardu.

 

Peio Irigoien

Peio Irigoien Borda Irunen sortu zen 1992an eta bertako musika eskolan tronpeta eta txistu ikasketak hasi zituen Miguel Echepare eta Ion Irazokirekin, hurrenez hurren. Tronpeta ikasketak bertan jarraitu bazituen ere, txistu ikasketak Donostiako Musika Eskolan sakondu zituen, Aitor Arozenaren gidaritzapean. Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian amaitu zituen bere txistu ikasketak Aitor Amilibia maisuarekin. Irakasle lanetan jardun du azken urteotan Oiartzungo Soinuenean zein Bergarako Musika Eskolan. Arlo akademikotik at esperientzia zabala duen musikaria da. Inguruko zein atzerriko talde, pop-rock banda, koru eta dantza taldeekin aritu da. Bakarlari lanetan hainbat emanaldi eskaini ditu, haien artean Irun Hiria Musika Bandarekin, Donostiako Udal Txistulari Bandarekin edota Hondarribiko Txistulari Bandarekin. Irun Hiria Musika Bandako tronpetista izanik, Kemen Dantza Taldeko musikarien ardura eta Irungo Txistulari Bandaren zuzendaritza lanak uztartzen ditu gaur egun, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin lanean diharduen bitartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun