Olentzero eta jaiotza lehiaketak eginen dituzte abenduaren 24an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 20a, 19:00

Olentzero ikusgarriak plazaratuko dituzte aurten ere Lesakan igande eguerdian.

Aurten ere olentzero eta jaiotza lehiaketak antolatu ditu Lesakako Udalak abenduaren 24an. Astearte eguerdian izanen dute hitzordua Lesakako Plazan. Parte hartu nahi duten taldeek abenduaren 23an, astelehenean 09:00etatik 14:00etara eman behar dute izena Lesakako herriko etxeko bulegoetan eta izena ematerakoan konpromiso orri bat sinatu beharko dute.

600 euroko sari nagusia

Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere ohikoak eta adinaren araberakoak izanen dira (erraterako, 600 euro maila nagusiko irabazlearentzat), baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitaez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. Epaimahaia, herriko bederatzi pertsonez osatua egonen da. Olentzeroa edo Jaiotza, kanta eta janzkera baloratuko dituzte. Epaimahaia kioskoan egonen da eta honen espazioa errespetatu beharko da beraien eginbeharra oztopatu gabe.

Olentzero eta jaiotzen lehiaketan parte hartzen dutenen argazki artxibo historiko bat osatzeko helburuarekin, Lesakako Udalak argazkilari ofizial bat kontratatuko du egun horretarako, olentzero, jaiotza, parte hartzaile eta abarren argazki albuma egin dezan. Argazkiak nahi duen ororentzat egonen dira eskuragarri. Hori dela eta, ezin izanen da kioskoan sartu argazkiak edo bideoak egiteko.

Arratsaldean kalejira

Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.

Arratsaldean kategoria nagusiko talde irabazleak musika bandarekin egin ohi duen kalejira ere bueltatuko da aurten, 18:00etan hasita. Olentzeroak xehatuz gero biltzeak suposatzen duen kostua Olentzero talde horrek ordaindu beharko duela ere jakinarazi du udalak.

Igandean, Olentzero nola egiten den ikusteko eta ikasteko aukera

Hori dena baino lehen, Lesakako gazteek lehiaketarako olentzeroak nola egiten dituzten ikusteko aukera izanen da abenduaren 22an, Plaza Zaharrean, Olentzeroz Olentzero goiburupean. Igandean, 16:30ean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako saioa eginen dute eta 18:30ean, DBHko ikasleei zuzendutakoa.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun