Urtarrilaren 25ean Lesakan ospatuko den Bertso Egunerako sarrerak salgai paratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 19a, 08:00

Bertso Eguna abiatzeko 'Oinak Bidean' ibilbidea eginen dute urtarrilaren 25ean Lesakan.

Egitarau zabala prestatu dute Euskal Herri osoko bertsolari eta bertsozaleak bilduko dituen hitzordurako

Bertso Eguna 2025eko urtarrilaren 25ean ospatuko dute Lesakan. Bertsozale Elkartea eta Bortzirietako Bertso Eskola elkarlanean ari dira egun osoko egitaraua prestatzen eta bertso jaialdirako nahiz afarirako sarrerak salgai paratu dituzte dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian.

Egitaraua

Urtarrilaren 25ean, larunbatean 10:00etan paratu dute hitzordua: Oinak Bidean ibilbidea eginen dute Harriondoa kultur etxetik hasita. Ondoren, bertso-poteoa eginen dute eta hainbat bertso eskolatako kideek kantatuko dute. Eguerdian luntxa eginen dute Arranon, 14:30etik aitziera.

Arratsaldeko jaialdian bertso gehiago entzuteko aukera izanen da: XXI mende, 25 (H)illbetz bertso saioa izango da Harriondoan. Kantuan, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Julio Soto Ezkurdia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Peru Abarrategi Sarrionandia ariko dira; gai-jartzaile lanetan, berriz, Alaitz Rekondo Ferrero.

Saioren ondotik ere izanen da festa giroa. 20:30etik aitzinera, afaria eginen dute Linddurrenborda sagardotegian. Eta afal ondotik, Manex Pagola eta aurten Bardoak txapelketa irabazi duen Hor gu Bortzirietako taldearen bertso jarriak izanen dira. Eguna biribiltzeko, DJ-a izanen dute Arranon.

Arratsaldeko ekitaldirako zein afarirako sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian. Ekitaldiko sarrerak 12 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkideentzako 10 euro eta gazteentzako 8 euro; afaria, berriz, 36 eurokoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun