Olentzero eta Mari Domingi Beran izanen dira abenduaren 24ko ilunabarrean

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 20a, 10:00

Haurren gutunak hartzen eta beraiekin solasean egonen dira Olentzero eta Mari Domingi Beran.

Olentzero eta Mari Domingi Berako haurrengana joanen dira astearte arratsaldean, abenduaren 24ean. Ilunabarrean jaitsiko dira menditik eta plazan haurrak agurtu ondotik, ikatza banatu eta beraiekin solastatzeko aukera izanen da.

Olentzero eta Mari Domingi herrira jaitsi aitzinetik, haurrak lau taldetan banatuta aterako dira kantari 15:45ean. Talde bat Itzean abiatuko da, Altzateko plazatik bertzea, Agerratik hirugarrena eta Alkaiagatik azkena. Azken bi talde hauek Ibaialde karrikan elkartuko dira eta elkarrekin eginen dute ibilbidearen azken zatia. Ibilbide guztietan musikariak ariko dira giroa alaitzen.

Herriko etxeko plazara ailegatzean, bertan zain izanen dituzte abesbatzako eta Bera Kantariko kideak, eta Olentzero eta Mari Domingi bidean direla elkarrekin Hator hator eta Berako Olentzero kantatuko dituzte.  Plazara ailegatzean, herriko etxera igoko dira Olentzero eta Mari Domingi eta haurrei hitz batzuk egin ondotik, berriz ere plazara jaitsi eta argazkiak egiten eta gutunak biltzen ariko dira. Haurrentzako ikatza ere banatuko dute.

Ondotik, Gure Txokoa elkarteak antolatuta Olentzero kantari aterako dira helduak karrikaz karrika txistulariak lagun dituztela. Helduen Olentzerorako eta Dios te Salverako entsegua heldu den astelehenean, hilaren 23an, eginen dute Iamotenean 19:30ean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun