Heldu den urtean garatu asmo duten proiektu nagusia Altzate karrikako ur sarea eta zoladura berritzea izanen da. Altzate karrika altxatuko dute Errekalden hasi eta Altzateko plazaraino eta bertako ur hornidura, saneamendua eta zerbitzuen sareak berrituko dituzte. Lanak XXI. mendeko mugikortasun eta hirigintza araudiak betez egin behar dira, eta, beraz, espaloi eta zoladura berriak eginen dira irisgarritasuna bermatzeko. 2.400.000 euroko kostua duten lanak izanen dira, eta ekainean hastea da asmoa, eta 12 hilabetez luzatzea aurreikusi dute.
Altzateko lanak egiten hasi aitzinetik, Labiaga ikastolaren eta Matzadaren arteko lotura egin nahi du udalak, Berako saihesbidearen lehen zatia, alegia. Lan horiek egiteak 700.000 euroko kostua izanen du.
Altzateko zoladura berritzeko 1.000.000 euroko diru laguntza hartuko du udalak eta Altzate eta Matzada arteko lotura egiteko 300.000 euro.
Horrekin batera, heldu den urtera begira egin nahi duten hirugarren obra haundia Zalaingo industriagunean ur saneamenduko lanak egitea da. Bi fasetan eginen dituzte lan horiek, 2025ean lehena eta 2026an bigarrena. Lehen faserako 355.619,32 euroko inbertsioa aurreikusi dute.
Ohiko diru ekarpenak
Inbertsio haundi horiez gain, ohiko diru ekarpenak egiten segituko du udalak. Musika eskolari 215.000 euro emanen dizkio, Sastrako kirol zerbitzu publikoari 105.000 euro, haur eskolari 247.000 euro, kultura programaziorako 92.000 euro eta kirolerako diru partida ere mantenduko dute.
San Jose egoitzara bideratutako ekarpena bikoiztu eginen da 20.000 eurotik 40.000 eurora. Zerbitzu amankomunei dagokionez, Euskara Mankomunitatera 150.000 euro bideratuko dira, Berdintasun Zerbitzura 44.000 eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera 125.000.
Diru sarrerei dagokionez, dirulaguntzak lortzeko lanean segitzen du udalak. Lan burokratiko haundia dela nabarmendu dute, baina, «lan polita» egiten ari direla laguntzak lortzeko. Europako funtsekin hainbat proiektu garatu dituzte azken urtean: Zalaingo depositutik Foruen plazarako ur sare berria, kiroldegiko instalazio fotovoltaikoa, Mincotur proiektuan Altzateko eta Legiako argiteria berritzea, Merkatu plazan egin nahi duten komun publiko berria...
Bertze hainbat lan garatzeko dirulaguntzak hartu ditu udalak: biomasa sarea luzatzeko San Jose egoitzatik osasun etxera, Matzadako euri uren sarea berritzeko, San Miguel eta Xubixabal arteko bizikletentzako bidea egiteko... Hala ere, lan horiek denak Altzateko lanen kostuaren menpe geldituko dira.
Aurreikuspenak
Aurten berriz ere arau fiskalak paratu dituzte, eta beraz, zorpetzeak eta gastu sabaiak kontuan hartu dituzte aurrekontuak prestatzeko orduan. Heldu den urterako gastuak ikusita, udalaren asmoa 2025ean arauak betetzea da, 2026an beharko balitz mailegu bat eskatzeko.
Udalak nabarmendu du egoera ekonomiko onean dagoela, zor haundirik gabe. Hala ere, tentuz jokatuko dutela azaldu dute, inbertsio haundiak eginen dituztelako heldu den urtean. Gainera oroitarazi dute aurrekontuak «aurreikuspen ekonomiko» bat direla, eta urtean gertatzen diren ezustekoek baldintzatzen ahal dutela hasierako plana. «Proiektu, behar eta aukera berriak sortzen ahal dira eta horiek ere markatuko dute diruaren norabidea».