Ongi aparkatzeko kontzientziazio kanpaina hasi du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 18a, 11:30

Kanttonberriko lanen ondotik hartu du udalak kontzientziazio kanpaina egitea.

Berako Udalak Foruzaingoarekin batera kanpaina bat paratu du martxan ibilgailuak ongi aparkatzeko dei egiten. Kanpaina astelehenean hasi zen eta urte hondarrera arte, hilaren 30era arte luzatuko da.

Kanpainak irauten duen bitartean, gaizki aparkatuta dauden ibilgailuek haizetakoan ohar edo abisu bat hartuko dute ibilgailua behar den tokian aparkatzeko eskatuz. Abisuari jaramonik egiten ez bazaio, eta egoera errepikatzen bada, ibilgailu hori salatua izanen da.

Udalak adierazi duenez, kontzientziazio kanpaina Kanttonberri karrikako lanen ondotik ikusitako jokabide desegoki batzuen ondotik hasi dute. «Konturatu gara gidari batzuek ez dituztela oinarrizko aparkaleku arauak betetzen, eta baimendu gabeko espazioetan aparkatzen dutela oinezkoen espazioak okupatuz. Denon ardura da zirkulazio eta aparkatzeko arauak betetzea, modu honetan oinezko, txirrindulari eta ibilgailuen arteko bizikidetza bermatua izanen da».

Kanpaina herri guztira zabaldu dutela ohartarazi dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun