Pentsioa «langileen arteko guttieneko soldatarekin parekatzea» eskatu dute pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 17a, 11:30

Hilabete honetako elkarretaratzea egin zuten atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek eta 26 lagun bildu ziren Beran. Hurrengoa Donezteben izanen da, ilbeltzaren 20an.

Adierazi zutenez, «oraingo aldarrikapena guttiengo pentsioa LGSarekin (Langileen arteko Guttiengo Soldata) parekatzea da. Euskal Autonomia Erkidegoan Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadura bilketa herrikoia eginen da, eta Nafarroan, guttiengo pentsioa 1.035 eurora igotzea onartu bada ere, 14 ordainsaritan, pentsiodunen aldarrikapena LGSarekin parekatzea da».

Zaintza arloan, berriz, «Berako zahar etxeko egoera» gogoratu zuten; «murrizketak direla eta, langileak mobilizaziotara jo dute. Bere baitan dute adineko pertsona guztien zaintza eta bizi duina bermatzea, eta horretarako beharrezkoak dira langileen lan baldintza duinak». Hori dela eta, «borondate oneko jarrerekin elkartzea» eskatu zuten, «soilik horrela bideratu daitekeelako egoera korapilatsua».

Osasun arreta ere kontuan izan zuten; «Baztanen mobilizatzen segitzen dute, dagozkien mediku postuek hornituak izan daitezen, behar diren baldintzetan, hilero elkarretaratzeak eginez». Bertzalde, «Nafarroako Osasun Lege zirriborroan dauden gabeziak» aipatu zituzten, «zuzenketak egiteko lanean ari dira Nafarroako Osasun Plataformatik, bertze eragileekin batera», eta gaitzetsi zuten ere «pribatura bideratzeko bizioak hor segitzen duela». Hori dela eta, «osasun arreta publikoa, duina eta hizkuntza egokian egiteko bermea biltzen duen lege baten alde» lanean segituko dute pentsiodunek.

Azkenik «nazioarteko egoera gatazkatsua» gogoratu zuten. «Diru gosea, lurralde jabetasuna eta botere anbizioak jartzen direnean erdigunean, jendearen pertsekuzio, sarraskiak eta eskubide urraketak modu basatian gertatzen dira». Hortaz, «jendea eta elkarbizitza erdigunean jartzea» eskatu zuten, «eta eskubide guztiak errespetatzea, norbanakoak zein kolektiboak. Jendearen aldeko jarrerara iraultzen ez den bitartean, sarraskiak hor segituko du, eta jarrera eta konpromisoa hurbileko instituziotik hasi behar da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun